Izkiko hagin basoaren babesa arautuko dute

Erredakzioa 2016ko api. 5a, 12:34
Arabako Foru Aldundia

San Justiko erreserba izenez ezaguna den eremua babestuko dute, momentu honetan hesi batez inguratuta dagoena, abereek haginak ez hondatzeko.

 Arluzea, Markiz eta Apinaizko administrazio batzarrekin hitzarmena sinatzea onartu du gaur goizean Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailak, Izkiko Parke Naturaleko hagin basoan hesiekin egindako itxitura babesteko, esparru horretara abereak sartzea eragozten duena. San Justiko erreserba izenez ezaguna den alde bat da, guztira, 28 hektarea dituena.

Nahiz eta lursailak hiru administrazio batzarren jabetzakoak izan, aldundiaren ardura izango da hesiaren mantentze eta konpontze lanen gastuak ordaintzea, gaur goizean sinatutakoari esker. Era berean, erreserbaren inguruan azalera bereko larre eremu bat utziko dute, abereek itxitura egin baino lehen zituzten baliabide berak izan ditzaten.

Hitzarmenean jasotako jarduerek Izkiko Parke Naturala Natura 2000 Sarean sartzeak dakartzan zuzentarauak eta betebeharrak errespetatuko dituzte. Izan ere, Izki kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatzeko adierazpenean nabarmentzen zen hobetu beharra zegoela abereen eragin nabarmena zuen hagin sail honen kontserbazio egoera, eragotzi egiten baitzuen zuhaitz berriak berriro ateratzea eta basoa berritzea. Gainera, gogoratu behar da hagina Interes Bereziko kategoriarekin sartuta dagoela Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide