"Arabako langileen baldintzek ez dute okerrera egin"

Itsaso Estarrona 2016ko mar. 18a, 11:16

Krisi garaian, "ahalegina enpresariek egin dutela" adierazi du Juan Ugartek, Arabako enpresarien SEA elkarteko idazkari orokorrak, ALEAri eskainitako elkarrizketan. 

SEAtik argitaratu duzuen azken txostenaren arabera, hobera doa Arabako ekonomia, motel bada ere. Datu ekonomikoak hobetzen hasi dira, baina hemengo langileen baldintzak, oro har, gero eta okerragoak dira…

Nik baieztapen horri ezezko borobila ematen diot: frogatu iezadazu okerragoak direla. Ez dago okerrera sinatu den hitzarmenik: denak sinatu dira hobera. Ala ezagutzen al duzu zuk okertu den hitzarmenen bat?

Asko dira hitzarmenik ere ez duten langileak, enpresa txikietakoak.

Hitzarmen probintzialak enpresa horientzat sinatzen dira.

Eta hala ere oraindik sinatu gabeko hitzarmenak daude, ostalaritzakoa, adibidez…

Sinatzeko ahalegina egiten ari gara. Horretan gaude.

Orduan, uste al duzu langileen lan-baldintzak ez direla okerrera joan?

Orokorrean, hala da.

Ez duzu uste, beraz, enplegua prekarizatzen ari denik.

Ez, inola ere ez.

35 orduko jardunaldiaren aurka agertu zara egunotan. Zergatik ez zaude ados Eusko Jaurlaritzan eta gainerako administrazioetan lanordu kopuru hori berreskuratzearekin?

Gauden egoeran, ekonomia publikoak  eta ekonomia pribatuak egiten ditugun irakurketak ezin dira hain ezberdinak izan; ekonomia pribatuan gerrikoa estutzen jarraitzen dugu, eta, bitartean, administrazio publikoan bestelako irakurketa bat egiten dute eta, krisia amaitu dela iritzita, zenbait eskubide berreskuratuz. Gogorarazi nahi dut, bestalde, jatorrian lana banatzeko proposatu zirela 35 orduko lanaldiak, eta hori erabateko gezurra dela frogatu da; irreala. Beharrezkoa al da 1.594 ordu lan egiten ari diren langile publikoei lanaldiak murriztea, metalaren langileek 1.735 ordu egiten dituztenbitartean? Ezin da horrenbesteko aldea egon Arabako metalaren langile baten eta Gasteizko Udalaren langile baten artean.

Eta desberdintasun hori murrizteko, zein da zuen proposamena? Administrazioarena da ardura... ala enpresena?

Ezbairik gabe, merkatuak malgutasuna behar du. Izan ere, enpresarien mundurako zoritxarrez, enpresei egiten zaizkien eskaerak ez dira ziurrak: enpresek ez dakite zer eskaera izango dituzten hemendil hilabete batzuetara. Beraz, enpresek gaitasuna izan behar dute bere langileen malgutasuna merkatuaren eskaerara moldatzeko.  

 Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 54. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide