Bandera urdinerako prestatuko dituzte Garaio eta Landa

Erredakzioa 2016ko mar. 7a, 10:54

Bandera urdina lortzeko lanean hasi dira Barrundiako, Arratzua-Ubarrundiako eta Burguko Udalak, Aldundiko Ingurumen sailarekin batera. Uren bainurako kalitatea eta ingurumen kudeaketaren eta hezkuntzaren bikaintasuna eta zerbitzuen eta instalazioen bikaintasuna saritzen dituen nazioarteko saria da.

Landa eta Garaioko lehorreko hondartzetan uren kalitatea aitor dadin loru nahi dute, hango zerbitzu eta instalazioen kalitatearekin batera.
 
Bandera Urdina nazioarteko sari bat da, ingurumen eta turismo sektorearen arteko lankidetza sustatzen duena. Guztira, 4.000 hondartza eta 700 kirol kai dira nazioarteko sari hori dutenak munduan, eta horien artean bi baino ez daude Euskadin (Ereaga eta Arrigunaga, Getxon).
 
Garaio eta Landako hondartzak uda honetan bertan sar daitezke zerrenda ospetsu horretan, bainuen sasoia hasten denean. Horretarako, inbertsioak egingo dira Landako hondartzan mugikortasun urritua duten pertsonentzako irisgarritsuna hobetzeko. Era berean, areagotu egingo da ingurumen hezkuntzako jardueren eskaintza eta osatu egingo dira informazio kartelak ere.
 
Nazioarteko baldintza gehienak betetzen dituzte Landa eta Garaioko hondartzek; ekipamenduak, zerbitzuak eta ingurumen hezkuntzako programak betetzen dituzte. “Aldundia egiten ari den kudeaketa guztiz da koherentea bandera urdinaren baldintzekin: gure hondartza kontinentaletako uren kalitatea bikaina da, sorosleen zerbitzuak urtero kontratatzen dira eta ingurumen hezkuntzako jarduerak eskaintzen ditugu”, gogorarazi du Ingurumen saileko diputatu Josean Galerak. Hondartza horiek iaz 247.011 bisitari jaso zituzten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide