Arabako nekazari askok ez dute oraindik PACaren ordainketa jaso

Erredakzioa 2016ko ots. 25a, 10:17

Arabako 518 nekazarik dagokien dirua jaso ez dutela salatu du Arabako Nekazarien elkarteak. Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak ordainketa otsailaren 15a baina lehen egiteko konpromisoa hartu zutela salatu dute.

Arabako nekazari askok bizi duen “egoera latza” salatu du Arabako Nekazarien elkarteak, oraindik ez baitute jaso euskal erakundeek ordaindu beharreko oinarrizko ordainketaren aurrerakina. Zehazki, ez dute jaso 2015.urteko Nekazaritza Politika Bateratuari (NPB-PAC) dagokion ordainketa konpentsatzailea, urtearen amaieran jaso ohi dutena.

UAGAk jakinarazi duenez, 2015.urtean Arabako 2.067 nekazarik jaso zuten laguntza baina oraindik 518k ez dute jaso dagokien dirua. Hala, oraindik ordaintzeke dagoen zenbatekoa 7 milioi euro ingurukoa da.

Lurraldeko nekazaritza-ustiategi askok beharrezkoa dute laguntza hau euren jarduera finantzatzeko, hori dela eta, ordainketa “berehala” egitea eskatu du UAGAk. “Urtarrilean Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak arazoa konpontzeko eta otsailaren 15a baina lehen ordaintzeko konpromisoa hartu zuten, baina oraindik ez dute ezer ordaindu”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide