Aurreko astean, CSNk Garoñako zentral nuklearra berriro ere zabaltzeko aukera mahaigaineratu zuen. Horren aurrean, Garoñaren kontrako Foroak hainbat ekimen jarri ditu martxan. Batetik, aurreko ostegunean Twitter bidezko ekintza egin zuen eta zentralaren irekieraren aurkako selfie-ak bildu zituen #selfiekontragaroña traolean. “Sekulako erantzuna eta jarraipena izan zuen, anitza eta zabala, bidegabekeria honen erantzuleak direnen eta bereziki arabarroi kanpainan zehar ipuin zoragarriak kontatu eta gero Madrilen euren alderdiaren urratsak babesten dituzten PPko Arabar buruzagien belarrietara heldu zelarik, lortutako oihartzun komunikatiboari esker”, azaldu du Garoñaren Kontrako Foroak ohar baten bidez.
Elkarretaratzea, asteazkenean
Aste honetan, berriz, zentralaren berrirekieraren aurka mobilizatu nahi dituzte arabarrak eta gaur, asteazkeanean, elkarretaratzea deitu dute. 19.00etan izango da, Olagibel kalean kokatzen den PPren egoitzaren aurrean, “arabarroi iruzur egiteari utzi eta Garoña behin betiko itxi dadin aldarrikatzeko”.