Egitarau zabala, Hezeguneen Eguna ospatzeko

Erredakzioa 2016ko ots. 2a, 11:23

Araban lau hezegune ditugu: Uribarri Ganboa, Guardiako urmaela, Caicedo de Yuso-Arreoko lakua eta Salburuko hezegunea.

Gaur, otsailaren 2an, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu mailan eta Ataria Salburuko interpretazio zentroak ate irekien jardunaldia antolatu du gaurko. “Gure etorkizunerako hezeguneak. Bizitzeko bitarteko iraunkorrak” lelopean, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Ramsar-eko Hitzarmeneko beste kide batzuekin bat egin dute ospakizun egun honetan. Ildo horretan, hainbat dira eguna ospatzeko antolatu diren ekintzak, batez ere ekosistema horien balio eta onurei buruzko sentsibilizazioa sustatzen dituzten ingurumenaren gaietako jarduera eta lantegietara bideratuta.

Egitarau zabala

Gasteizen, gaur ate irekien jardunaldi hau Atarian ospatuko da,  bertan dagoelako nazioartean garrantzizkoa den RAMSAR hezegune bat. Jardunaldi honetan  Iñaki Antigüedadek  “Gasteizko batasun hidrogeologikoari buruzko ezagutza eguneratzea – Ingurumena, Nekazaritza eta hiria” hitzaldia eskainiko du.

Ostegunea, hilaren 4an, Ricard Gutierrez, Catalunyako Generalitat-eko teknikariak beste hitzaldi bat eskainiko du, oraingoan, biodibertsitatea kontserbatzeko Mediterraneoko hezeguneek duten garrantziari behar duen balioa emateko.

Hurrengo ostiral eta larunbat gauetan herritarrek Salburuko hezegunea bisitatzeko aukera izango dute, baso-igel jauzkaria bilatzeko, horixe baita parkeko espezierik nabarmenetakoa. Larunbat arratsaldez, gazteenei Atariak aukera eskainiko die Salbururaino hurbildu eta bertan ekosistema horiei buruz sentsibilizatzeko eta kontserbatzeko alderdiei lotutako jarduera ludikoa garatzeko.

Igandean, Bihartaldea esku-txotxongiloen taldeak “A, ZER NOLAKO NATURA! AIREA, LURRA ETA URA” izeneko ikuskizuna eskainiko du, eta naturaren inguruko hiru ipuin kontatuko dira.

Gasteiztik kanpo, Gaur goizean, Araiako  ikastetxeko 24 umek bertatik bertara ezagutu dute hezeguneen biodibertsitatea, zelakoak diren han bizi diren uretako hegazti garrantzitsuenen morfologia eta ohiturak eta zeintzuk diren ingurumena errespetatzeko ohitura onenak. Mendixurko parke ornitologikoan izango da ospakizuna, non datorren otsailaren 27 igandean, 11:00etatik aurrera, parkeko teknikariek bisitaldi ireki bat gidatuko baitute. Egun horretan bertan, Garaioko parkean, informazio bulegoan, 11:00etatik 14:00etara, informazio stand bat jarriko da, helduentzako eta haurrentzako tailerrekin.

 

  Hezeguneak arriskuan

Araban lau RAMSAR hezegune ditugu: Uribarri Ganboa, Guardiako urmaela, Caicedo de Yuso-Arreoko lakua eta Salburuko hezegunea.

Hezeguneak ekosistema bakarrak dira. Hala eta guztiz, Europa da azken 40 urteetan hezegune gehien galdu duen kontinentea. Galera bera izan du gure lurraldeak, garai batean zeuden hezeguneen jatorrizko azaleratik % 60 baino gehiago desagertu egin baita.

 Euskadik babestutako sei hezegune ditu Ramsar zerrendan, Urdaibai, Guardiako urmaelak, Txingudi, Salburua, Ulibarri-Ganboa eta Gesaltza Añana, eta barnean 1.685 hektarea hartzen dituzte. Ramsar zerrenda naturagune horien babesa arautzen duen nazioarteko hitzarmena da.

Hezeguneak balio ekologiko handiko ekosistema paregabeak dira. Naiz eta hau horrela izan, Europa urtero hezegune gehien galtzen dituen kontinentea da. Gure lurraldean existitu ziren hezeguneen %60a desagertu egin da jada. Gasteizko udalak hezeguneak mantentzeko esfortsu handiak egiten ari dituela adierazi du. 

Ospakizun egun honetan Ekozaleak Elkarte Ekologista Salburuko hezegunearen defentsan atera da. Izan ere, Enbrogan enpresak Salburuan irekitzeko asmoa daukan zentro komertziala arrisku ekologiko handia suposatzen duela azpimarratu du eta change.org orrialdearen bidez sinadurak biltzen ari da proiektua bertan bera gelditzeko. 

Ramsar hitzarmena

Ramsarko hitzarmena edo Nazioarteko Garrantzidun Hezeguneei Buruzko Hitzarmena, bereziki Uretako Hegaztien Habitat Gisa Irango Ramsar hirian sinatu zen nazioarteko hitzarmena da, 1971ko otsailaren 2an sinatua eta 1975ean indarrean sartua. Xede nagusia hezeguneen kontserbazioa eta erabilera arrazionala da, tokiko, eskualdeko eta nazioko ekintzen bidez eta nazioarteko laguntzari esker, mundu osoan garapen jasangarri bat lortzeko laguntza bezala.

Informazio gehiago: Ataria

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide