Arabako Batzar Nagusiek Garoñako zentral nuklearraren balizko irekieraren aurkako ekintza “instituzionala eta soziala” egingo dute martxoaren 19an. Hala erabaki zuten Batzarretako talde guztiek, PPk salbu, azaroaren 29an onartutako mozio baten bidez, non zentral nuklearraren “behin betiko” itxiera eskatzen zuten.
Izaera “instituzionala eta soziala” izango duen ekintza ospatzeko urratsak ematen hasi dira Aldundian, izan ere, airean dago oraindik 2012tik itxita dagoen Garoñako zentrala berriz zabaltzeko aukera. Atzo Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) zentrala berriz zabaltzeko Nuclenorrek egindako txostena aurkeztu zuen atzo, baina azkenik, erabakia beste bilera baterako utzi dutela iragarri du CSNk.