Walter Wendelin, Askapenako kidea: “Politikoki traba egiteak ez du esan nahi delitua egin denik”

hirinet 2015ko ira. 21a, 02:00

Euskal Herriko eragile eta mugimendu ezberdinetako kideek Askapenaren kontrako epaiketa salatuko dute, asteburutik aurrera, beste hainbat herri epaiketa abian jarrita; zapata eta palestino laranja ikur, "eskubide zibil eta politikoen urraketa" lau haizetara zabaldu nahi dute ekinaldiokin, Walter Wendelin Gasteizko auzipetuak aipatu moduan.

Urriaren 19an hasiko da Askapenaren aurkako epaiketa Madrilen. ETAren eta nazioarteko erakundeen arteko elkarlana egitea egotzi diete bost auzipeturi. Besteak beste, Europako herrialdeetan "elkartasun batzordeak sortzea", nazioarteko foroetan aritzea eta brigadak antolatzea ere leporatu diete. Seina urteko kartzela zigorra eskatu diete, tartean Walter Wendelin (Zurich, 1957) militante historikoari.

 

Zein testuingurutan kokatzen duzu epaiketa hau?

Euskal Herriko beste epaiketa guztien testuinguru berean, astakeria bat da hau ere. Inork ez, inolako aditurik ezta abokaturik ere ezin dizu esan nola amaitu daitekeen, ezta akusazio guztiak ikasita ere. Beraz gure ikuspegitik sententzia, emaitza, erabat ausazkoa izango da. Horrek ez du esan nahi eurek irizpidea ez dutenik, baina ez du zerikusirik zuzenbidearekin, are gutxiago justiziarekin eta legearekin nork daki... Ministro bati entzun genionetik "ingeniaritza judirikoa" egin zitekeela legeak zerikusi gutxi dauka zuzenbidearekin eta justiziarekin. Hori da abiapuntua: Auzitegi Nazional barruan, marko judizialaren barruan, ez badugu zereginik hortik kanpo lan egitea beste aukerarik ez daukagu.

 

Babesgabe sentitzen zarete?

Dudarik gabe babesgabetasuna erabatekoa da, egiten duten salaketa azken 30 urteetan egin dugun lanaren kontrakoa delako.

 

Besteak beste, brigadak antolatzearen kontrako akusazioa.

Askapena talde internazionalista da, elkartasun erakundea, 30 urte baino gehiago lanean daramana. Bost auzipetuok hainbat urte daramatzagu bertan eta hori da egiten diguten salaketa; fiskalaren eskaeraren arabera ez da legezkoa brigadak antolatzea, alegia, jendeak izena ematea, trebatzea, herrialde batekin lan egitea –Argentina, Bolivia, Palestina, Kurdistan...– eta herrialde horietako beste aldea ezagutzea, turistak ezagutzen ez duen alde hori hain zuzen. Bertako errealitatea, herri mugimenduen errealitatea, borrokak, berri ekonomikoak, politiko eta kulturalak izatea, hori da egiten duten lana. Eta lan hau guztia kriminalizatzeko duten modu bakarra da ETA erakunde armatuaren agindua izan dela, beraz, hor gure babesgabetasuna; ia ezinezkoa da frogatzea baten batek agindua eman ez duela, edo zuk hori zure erabakiz egin duzula.

 

Bost urte igaro dira Askapenaren kontrako sarekada izan zenetik.

Bai, 60.000 euro ordaindu behar izan genituen, hasieran egunero sinatu behar genuen eta gero astero, ondasun eta kontuak bahituta izan ditugu, eta pasaportea ere kendu ziguten, beraz, gure jarduera ezin izan dugu normaltasunez egin; nik azken urteetan ia sei hilabete egiten nituen kanpoan. Babesgabe gaude, bai, baina, bestetik, ez dugu biktima izan nahi, ezagutzen dugulako estatu espainoleko prozedura, botere faktikoen jokaera hemengo prozesuaren kontra.

 

 

Espero zenuten, beraz?

Bai, arriskua da Euskal Herriko herri muginenduan lan egitea, betiere ezarritako ereduari alternatibak planteatzen badizkio, hori da gustoko ez dutena. Elkartasuna salaketa moduan planteatzen dugunean, beste herrialdeetara eramaten dugunean, noski, horrek molestatu egiten du, jakin badakigu gure jardunak haserretzen dituela; baina politikoki traba egiteak ez du esan nahi delitua egiten denik. Elkartasunak informazioa eskatzen du hori, lehenik eta behin, eta hori noski ez da batzuen gustuko, "Marca España"-koen gustuko. Askotan erakutsi dute traba egin eta delitua egitearen arteko desberdintasunik ez dutela bereizten, eta bagenekin arrisku hori bazela.

 

Estatuaren kontrako herri epaiketa mugimendua abiaraztea proposatu duzue.

Guk joan-etorriko elkartasunean sinisten dugu, hau da, ez dugu uste elkartasuna kolektibo batetik bakarrik egin daitekeenik, baizik eta proiektu nazional batetik, gizartetik. Eta kontuan hartuta bertako herri mugimenduaren egoera, defentsa mugimendu batzuk planteatu genituen, erresistentzia egoera batetik  ofentsiba batera igarota. Estatu espainolari herri epaiketak egitea proposatzen dugu; beti egin duguna egitea proposatzen dugu, herri mugimenduko elkarteek haren delituak inputatzea nazioarte mailan, euren lan alorraren arabera. Ez da antzerki bat izango; inputazioak, proba batzuk, sententzia eta kondena posible bat izango da, ez da paripea. Haiek egiten dutena benetan antzerkia dela erakutsi nahi badugu ezin dugu guk akats bera egin. Besteak beste, Laudion –irailaren 20an –, Agurainen –irailaren 26an–, eta Gasteizen –urriaren 3an– izango gara. Gizarteari eta baita Auzitegi Nazionalari esan nahi diogu ez garela ezertaz damutzen, are gehiago, prebentiboki berriz egiten dugula akusaziogai izan dena, ez dugu ezer gordetzeko.

 

Zapata aukeratu duzue ikur. Zergatik?

Zapatak pauso hori irudikatu nahi du, defentsibatik ofentsibara; mehatxu egiten diogu estatu espainolari epaiketa hauekin, estatua kondenatuko dugulako sufritzera hurrengo urteetan edo hamarkadetan internazionalismo solidario gehiago, jende gehiagorena, elkarte gehiagorena, eta toki gehiagotan.

 

Internazionalismoa geldiarazi daiteke?

Ez, hori ziur dakigu. Gu espetxeratu gaitzakete hainbat urtez, Askapenaren lana ezinezko egin dezakete, baina internazionalismoa ezin izango dute gelditu, eta ziur gaude ale bat baino ez dugula jarri internazionalismoaren gorakada horretan, urtez urte areagotuko dena. Elkartasun internazionalista estatu espainolaren gillotina izango da.

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide