Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalarekin elkarlanean, sustatu duen proiektu honen helburuak eraginkortasun energetikora begira etxebizitzen biziberritzea ahalbidetzea eta mugikortasun iraunkorra sustatzea dira. Horretarako 50 urte baino gehiago dituen auzo hau berritzeko proiektuak 30 milioi euro inguruko aurrekontua izango duela aurreikusten da; horietatik, 11 Europar Batzordeak jarriko lituzke eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak eta Udalak. Izan ere, Koroatze auzoko bizilagunek ere kostuaren zati bat hartu beharko dute bere gain. Zehazki, proiektuaren gastuaren %30a ordaindu behar dute edo beste modu batera esanda, gutxi gora behera, etxebizitza bakoitza berritzeak kostatuko dituen 20.000 euroen erdia. Horretarako, hilean 85 euro ordaindu beharko dituzte, hamar urteren buruan.
Guztira, 700 etxebizitza inguru berritzea aurreikusten du proiektuak. Horrela, fatxaden estaldurak hobetuko dira, biomasa berogailu sistema instalatzeko aukera aztertzen ari dira eta horrez gain, mugikortasuna hobetzeko eta teknologia berriak ezartzeko jarduerak garatuko dituzte.
Vitoria-Gasteizek Tartu (Estonia) eta Sodeborg (Danimarka) hiriekin batera eskatu du Europako laguntza hau.