Hegazti botulismoaren agerraldi bat antzeman da Salburuko parkean

hirinet 2015ko uzt. 16a, 02:00

Salburuko parkean berriro hegazti botulismoa agertu dela ohartarazi du udalak.

 

Zehazki, orain arte 32 hegazti aurkitu dira hilik, Clotridium botulinum bakterioak sortzen duen toxina irensteak eragiten duen gaixotasun horren ondorioz. Ohar baten bidez jakinarazi bezala, elikadura intoxikazio horrek ez die gizakiei eragiten, eta goiz antzemateak agerraldia hobeto kontrolatzea ahalbidetzen du. “Herritarrei guztiz lasai egon daitezkeela adierazi nahi diet, gaixotasun horrek bakarrik hegaztiei eragiten dielako, eta ez delako kutsagarria gizakiontzat”, azaldu du Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile nagusi Álvaro Iturritxak.

 

2014an ere antzeko gertaera izan zen parkean eta 791 hegazti gaixotu ziren. Hori dela kausa, aurten Eraztun Berdeko zaintza zerbitzuak azterketak egin ditu aldian behin, gaixotasuna antzemateko xedez. Jarraipen horri esker, joan den uztailaren 6an hildako kaio hankahori bat jaso zen. Lau egunetara, hilak 10, Eusko Jaurlaritzaren erreferentziazko laborategiek (Neikerren bidez) heriotzaren eragilea hegazti botulismoa izan zela baieztatu zuten.

 

Horren ondorioz, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko koordinazio protokoloa abiarazi zen, agerraldiak kutsatutako hegaztiak aurkitu eta dauden lekutik eramateko. Gaur gaurkoz, badirudi arazoa Salburuko Arkautiko aintzirara mugatzen dela, eta handik hildako 32 hegazti kendu dira, denak uretakoak.

 

Inork hegazti hilik ikusten badu, edo jokabide arraroren bat duenik (hego eroriak, buruari tente eusteko zailtasunak, etab.), ez ukitzeko eskatu die udalak herritarrei, eta Udaltzaingoari deitzeko (092), haiek bertatik eraman dezaten. Bakterioa udako hilabeteetan agertu ohi da, tenperatura eta uraren baldintzak egokiak baitira hura garatzeko.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide