Andres Sanchez, Arabako Atletismo Federazioa: “Herri lasterketen booma dago"

hirinet 2015ko mai. 8a, 02:00

Euskadiko federazioko presidente eta Espainiako presidenteorde izan ondoren, Arabako federaziora itzuli zen 2000. urtean Andres Sanchez. Ordutik, atletismoa sustatzeko lan nekaezinean ari da, "futbolari eta saskibaloiari ez bezala, baliabide gutxi" ematen dizkietelako instituzioek gainerako kirolei.

 

Arabako atletismo federaziotik, nola ikusten duzue kirol honen osasuna lurraldean?

Nolabait, trantsizio garaian gaude. Duela urte batzuk, Arabako atletismoaren booma izan zen, eta ospe handiko atletak izan genituen. Belaunaldi horren ondoren, parentesi txiki bat izan dugu, baina hala ere izen oneko atletak ditugu. Adibidez, Ivan Fernandez arrakasta handia izaten ari da, eta duela astebete bere lehenengo maratoia egin zuen, marka on batekin. Edonola ere, trantsizio sasoi honetan, harrobiarekin lan egiten ari gara batez ere, eta espero dugu luze gabe fruituak biltzea.

 

Ondo elikatuta dago harrobi hori?

Klubak oso ondo ari dira lanean, baina umeekin lan egiten duzunean emaitzak ez dira berehalakoak, eta urteak pasa behar dira ume horiek nabarmentzeko eta diziplina teknikoagoetan arrakasta izateko. Epe ertainean, emaitza onak edukiko ditugula uste dut.

 

Lan hori, oinarri-kirolarena, nahikoa babesten al dute instituzioek?

Ez, baina ez da oraingo arazoa, aspaldikoa baizik. Kirol gutxituetatik, sistematikoki kexatzen ari gara horretaz. Arabako kirol federazioen batasuneko presidentea naiz, eta esan behar dut, azken urteetan, krisiaren aitzakiarekin, murrizketa handiak egin zaizkiela federazioei, baita atletismokoari ere. Horrek  asko mindu du kirol arloko lana. Finantzaketa nahikorik gabe, ezin

gara zorrotzegiak izan federazioentzat lan egiten ari diren langileekin, ez genukeelako izango haien lana ordaintzeko adina dirurik. Horrek kalitatean eragina du. Borondateaz gain, profesionaltasun handia duen jendea behar dugu, baina horretarako baliabide ekonomikoak behar ditugu. Ikuskizun-kirolei diru publiko asko ematen zaie, futbola eta saskibaloiari, baina gure seme-alabek eta bilobek egiten dituzten bestelako kirolei askoz gutxiago.

 

Egutegia lasterketaz lepo dago: herri krosak, lasterketa solidarioak, maratoiak, triatloiak... Sendotutakoak, batzuk, eta berriak besteak. Bolada ona?

 

Bai, duela urte batzuk herri lasterketen goraldia izan zen. Orduan jaio ziren Donostiako maratoia eta Gasteizko maratoi erdia. Gero, beheraka bat egon zen, baina berriro ere booma dago. Gasteizko maratoi erdian, 4.500 izen emate izan ditugu, eta datorren urterako 5.000 dortsaletan jarriko dugu muga. Gainera, Gasteiztik buelta bat eman eta berehala konturatzen zara zenbat jende ari den korrika egiten.

 

Bai, izugarri zabaldu da afizioa...

Federaziotik, Udalaren laguntzarekin, begirale profesionalak jarri genituen korrika egiten hasi nahi dutenen taldeentzako, modu seguruan aritzeko baliabideak izan ditzaten. Arratsaldero biltzen dira Prado parkean. Gainera, Martin Fizen inguruan ere talde asko sortu dira, eta atletismo klubak ere beterano taldeak sortzen ari dira.

 

Krisiak ez du afizioa kolpatu orduan...

Krisian gaude, baina korrika edozein ordutan eta edozein tokitan egin daiteke, dirurik gastatu gabe, korrika egiteko ez delako gimnasio batean izen-ematerik ordaindu behar! Horrek mesede egin dio kirol honi.

Gasteiz, gainera, leku ezin hobea da korrika egiteko, minutu gutxitan Armentiako basoan edo Zabalgana eta Salburuko parkeetan zaudelako.

 

Eta asteburu honetakoa bezalakoa lasterketak zaleentzat pizgarri bat dira...

Noski, horregatik abiatu genuen federaziotik herri-lasterketen zirkuitua, eta hilean behin lasterketa bat egiten dugu, Arabako kuadrilla batean. Horrez gain, beste lasterketa asko daude: solidarioak, emakumearena...

 

Emakumea aipatzen duzula, zer leku du Arabako atletismoan?

Zorionez, gero eta emakume gehiagok egiten dute kirola, edozein diziplinatan. Lehen, emakume gutxik  parte hartzen zuten herri lasterketetan, baina gaur egun altua da ehunekoa. Dena den, Araban emakume atleta oso arrakastatsuak izan ditugu. Bururatzen zaizkit Maite Zuñiga, Blanca Lacambra, Nieves Zarza, Manrike ahizpak...Ez dira bat edo bi izan, asko baizik.

Arabako atletismoaren historiaren parte izan dira, eta ospe handia eman diote. Gaur egun ere,  poztasun handia emango dizkiguten neskak ari dira.

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide