Tania Calvo, txirrindularia: "Pistako txirrindularitzan gizonezkoen eta emakumezkoen munduak oso antzekoak dira"

hirinet 2015ko mar. 11a, 01:00

Tania Calvo gasteiztarra txikitatik txirrindularitzan ibili den neska da, bere espezialitatea pista izanik. Orain arte, asko dira irabazi dituen sariak, azkena Caliko Munduko Txapelketan izan da: Helena Casasekin batera brontzezko medaila lortu baitzuen taldeko abiadura modalitatean.

 Momentu honetan, bere helburua, 2016. urtean Rio de Janeiron ospatuko diren Joko Olinpikoetan parte hartu ahal izatea da.

 

Duela gutxi Caliko Mundu Txapelketan parte hartu zenuen baita brontzezko domina irabazi ere.  Nola bizi zenuen momentu hura?

Oso ondo sentitu nintzen. Podiumean egotea poza handia da beti eta hurrengo lehiaketetarako segurtasuna eta konfiantza ematen dizu. Baina aldi berean bere alde txarrak ere baditu eta esaterako, nire buruan presio handia jartzean gauzak espero dudan baino okerrago ateratzen zaizkit.

 

Gaztea zara oso, soilik 22 urte dituzu eta dagoeneko lehiaketa askotan parte hartu duzu. Nola hasi zinen, bada, ziklismoren munduan?

Nire aita beti bizikletaz ibili da zaletasun moduan eta kasualitatez, ni jolasten nuen tokian  neska bat errepidezko bizikleta batekin ibiltzen zen. Beraz, ni gurasoengana joan eta holako bizikleta bat nahi nuela esan nien. Bizikleta hori lortzeko baldintza txirrindularitza egitea zen. Eta  gaur egun arte, hementxe nabil.

 

Ziklismoaren mundua gizonezkoekin lotzen da batez ere. Hori zailtasun bat izan da zuretzat? Zein da egun emakumearen papera ziklismoan?

Nire kasu konkretuan ez ditut zailtasun handiak izan. Pistako txirrindularitzan gizonezkoen eta emakumezkoen munduak oso antzekoak dira. Baina errepideaz hitz egiterakoan, egia da, gauzak oso desberdinak direla; lehiaketa mota eta irabazten dena, besteak beste.

 

Kirol munduan, profesionala izatera heltzea ez da lan makala izango, ezta?

Nik oso zorte ona izan dut alde horretatik. Eta nolabait gauzak etorri zaizkidala esan dezaket. Junior kategorian emaitza onak jaso nituen Europako zein Munduko Txapelketetan eta horren eraginez, etekin handiko zentroan sartu nintzen. Gero bertatik Espainiako Selekzioan egotea oso erreza izanzen. Ostean, talde profesional batekin sinatu nuen.

 

Hainbat txapelketetan parte hartu ondoren,  gogoratzen al duzu zein izan zen parte hartu zenuen lehenengo lehiaketa?

Bai, Agurainen izan zen, zortzi urterekin. Bertatik ibilbidea asko aldatu da, Araban Txapelketetan hasi nintzen, gero Euskadin, geroago Espainian eta gero Europa mailara pasatu nintzen. 22 urterekin munduko parte asko ikusteko aukera eskaini dit horrek.

 

Lehiaketa hasi aurretik, maniarik?

Bai, ur pixkatxo bat edaten dut. Baina oso oso kantitate txikia.

 

Ziklismoari dagokionez, zein da daukazun beldurrik handiena?

Bada, zer edo zer apurtzea eta bizikleta betiko utzi behar izatea.

 

Bizikletaz aparte, bestelako kirolik praktikatzen al duzu? 

Bai, kirolak asko gustatzen zaizkit eta erraztasuna dut kirolak praktikatzeko. Squasha eta pala askotan praktikatzen ditut.

 

Kirol munduan profesionala izatea gogorra izango da, are geihago bizitza pertsonalarekin uztartu behar denean...

Bai, azkenean lana gogorra da, ez da bakarrik entrenamendua. Profesionala izateak elikadura ona izatea, asko deskantsatzea eta zenbait gauza guztiz debekatuta izatea dakartza. Tamalez, denbora falta dela eta, ezin naiz askotan zinemara edo hondartzara joan edo lagunekin egon.

 

Ordura arte ziklismoan egin duzun ibilbidean, zein izan da zure sostengu nagusia?

Familia bereziki, hor daude beti. Oso garrantzitsua izan da niretzat.

 

Aspaldi bizi zara Gasteiztik kanpo, euskara mantentzea lortu duzu hala ere?

Azken urte hauetan oso gutxi hitz egin dut eta askoz gutxiago idatzi! Orain Mallorkan bizi naiz bizikletagatik eta hemen egonda maila galdu dut. Txikia naizenetik euskara hitz egin dut eskolan eta oso hizkuntza polita da niretzat, ez dut galdu nahi.

 

Egilea: Nagore Cancho

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide