Iñigo Vidondo, abiadura patinatzailea: "Neguko olinpiadak dira nire helburua"

hirinet 2015ko mar. 9a, 01:00

Gurpildun patinetan lehiatzen ezagutu genuen Iñigo Vidondo (Gasteiz, 1989), baina izotzetara jauzi egitea erabaki eta hilabeteak daramatza Alemanian, neguko olinpiar Jokoak helburu.

 

2012ko maiatzean Gaztezulok elkarrizketatu zintuenean, gurpildun patinekin aritzen zinen. Nolatan eman zenuen izotzetarako jauzia?

Gurpil gainekoa egiten jarraitzen dut, baina soilik udan. Neguan izotzetan aritzen naiz, eta kirol olinpikoa dela kontuan hartuta, horri eskaini nahi diot ahalik eta denborarik gehien. Duela bi denboraldi Marcello Bresin entrenatzailearekin Italiara joateko aukera izan nuen, eta ordutik Italian eta Alemanian aritu naiz entrenatzen nire ametsa betetzeko asmoz: Olinpiar Jokoetan lehiatzea.

 

Gaur egun, Inzelleko (Alemania) Kia Speed Skating akademian ari zara entrenatzen.


Euskal Herrian ez daukagu kirol honetan aritzeko instalaziorik, ezta Espainian ere. Horregatik iberiar penintsulatik atera behar izan dut. Inzellen oso exijenteak dira eta entrenamenduak oso gogorrak, baita eguneroko bizitza ere, kirolari bakoitza eskualde ezberdinekoa da-eta. Gure artean oso ezberdinak gara.

 

Abby Ennis kanadiarra eta Wim Den Elsen herbeheretarra dira zure entrenatzaileak. Zer ematen dizute?


Oso gustura nago entrenatzaileen lanarekin egunero daukadan guztia ematera bultzatzen nautelako, eta entrenatzen gauden patinatzaile guztioi arreta berdina eskaintzen digutelako; hori oso lagungarria da. Gainera, patinatzaile bakoitzaren ezaugarrien araberako entrenamenduak prestatzeko lana ere hartzen dute, guztiok baikara ezberdinak. Abby beti dago oso adi eta teknikan arreta handia jartzen du, eta nik orain horixe landu behar dut gehien. Wim, aldiz, eskola zaharreko entrenatzailea da, oso exijentea eta perfekzionista, eta ni ere halakoxea naizenez oso gustura lan egiten dut berarekin.


 

Duela gutxi, Munduko Kopan 1.500 metrotakoan lehiatzeko txartela lortu zenuen. Nolako esperientzia izan zen Hamarren, Norvegian, bizitakoa?

Zoragarria izan zen, eta bertan kon- turatu nintzen pista guztiak ez direla berdinak. Hamarrekoa, adibidez, baldintza oso onetan egon arren, oso motela da, eta ezin izan nuen esperotako helburua lortu. 1.500 metrokoan 40. geratu nintzen, eta hamasei biratara puntuazio bidez egiten den Mass Start lasterketan 23. postuan.


 

Asfaltoan 50-60 kilometro orduko abiadura hartzen duzue. Izotzetan?

Egia esan, hartzen dugun abiadura parekoa da, baina izotzetan gehiago kostatzen da abiadura maximoa mantentzea, askoz teknikoagoa baita. Kutxilla izotz gainean apur bat gaizki kokatuz gero, oso arin galtzen da abiadura.

 

Zein ezberdintasun dago bata eta bestearen artean?


Izotzetan denboraren aurka aritzen gara, Mass Start lasterketan salbu. Lasterketa bakoitzean bi patinatzaile aritzen garen arren, bakoitzak egindako denbora hartzen da kontuan. 400 metroko pistan aritzen gara, eta biok distantzia bera egiteko, buelta bakoitzean erreia aldatzen dugu, barrutik kanpokora eta alderantziz. Teknikari dagokionez antzekoak dira, baina izotzetan askoz zehatzago egin behar duzu guztia, ez duzu akatsik egiteko apenas tarterik.

 

Esan izan duzu asfaltoan onenak Kolonbiarrak eta Korearrak direla. Suposatzen dut izotzetan iparraldeko herrietakoak izango direla onenak, ezta?

Asfaltoan eta izotzetan nagusi diren herrialdeek ez dute zerikusirik. Izotzetan herbeheretarrak dira onenak; herrialdean kanal asko dituzte, eta neguan izozten direnean, herritarrek ohitura handia dute horietan patinatzeko. Bigarren maila batean, baina oso hurbil, AEBetako eta kanadako patinatzaileak daude, eta ostean, poloniarrak eta errusiarrak.

 

2018ko neguko olinpiar Jokoetan egon nahiko zenuke, Pyeonchangen. Aukerarik ikusten duzu?

Oraindik lan asko egin behar dut, eta urrun dago, baina horixe da nire helburu nagusia, eta horretarako ari naiz egunero goizetik gauera borrokan. Hala ere, oso zaila da, denbora asko eskaini behar zaiolako eta horrek dirua eskatzen duelako, baina espero dut etorkizun laburrean babesle gehiago izatea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Egilea: Aitor Abaroa, GAZTEZULO aldizkaria

 

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide