Kiroldegietako eskaintzak aztertzen baditugu ikus dezakegu nola portzentaje altu batean burutzen diren ekintzek musika duten lagun. Gisa honetan korronte berri baten aurrean ote gaude?
Batzuen aburuz, musikak kirolean pairatzen duten sufrimendua gozotzen die eta modu honetan eramangarriagoa suertatzen zaie atsegin duten ekintza burutzea. Honela, distrakzio moduan erabiltzen duten teknika litzateke. Besteen iritziz, musikak motibazio gisa funtzionatzen du, esfortzuaz gozatzeko eta gorputzari ahalik eta zuku gehien ateratzeko laguntza gehigarritzat joz.
Goi errendimenduko kirolariei dagokienez, esan txapelketatik urrun dauden entrenamenduetan erabili ohi dutela musika, baina hauek gerturatu ahala uko egiten diotela honi; izan ere, euren esanetan lehiaketan ezin dute musika erabili eta egoera horretara moldatu behar dute, kontzentrazio teknika guztiz bestelakoak landuz.
Halaber, bada kirola eta musika uztartzen dituen praktika hau begi onez ikusten ez duena ere, izan ere, kirolari esentzia kentzen diola diote; esaterako, mendiko soinu eta isiltasunaz gozatzeari uko egitea mendizaletasunaren filosofia apurtzea dela.
Gauzak horrela, oso interesgarria litzateke jakitea zein faktorek aldatu duten kirolaren praktika, eta zientifikoki aztertzea zer nolako eragina duen musikak kirolean eta bere errendimenduan.
Egilea: Mikel Villarrolain