Laura Saez de Arzamendi: “Oraindik badago jendea neskak pilotan jolasten ikustean harritzen dena”

hirinet 2013ko mai. 23a, 12:41

Laura-frontoia3Aspalditik datorkio Laura Saez de Arzamendi gasteiztarrari zaletasuna. Sei urte inguru besterik ez zuela, aita eta neba-arrebekin batera hasi zen squash-ean jolasten, hainbat txapelketa ere jokatu zituen txikitan, bai Euskal Herrian baita Espainia aldean ere. Frontenisean murgildu zen beranduago eta gogoratzen duenez, “duela bost bat urte, Errekaleorreko frontoian jolasten nengoela, palan jolasten hasteko komentatu zidan elkarteko presidenteak”. Saez de Arzamendik baietz esan zion erronka berriari eta gainera, Euskal Selekzioan hartu zuten gomazko paletan jolasteko.


Emakumea eta pilota. Zer datorkizu burura? 

Jende askoren lana etortzen zait burura eta lan horri esker entzun ahal ditugu bi hitz horiek elkarrekin. Emakumea aspalditik aritu da pilota munduan, baina jendartea ez da horretaz ohartu. Baina, zorionez, geroz eta neska gehiago animatzen ari da jolastera.


Zenbat emakume aritzen dira pilotan Araban? Eta Gasteizen?

Gasteizen, 15 inguru; eta, Araban, 25 federatuta, gutxi gora-behera, eskolarteko mailan dabiltzan neskak eta federatuta ez daudenak kontatu gabe.


Ezberdina al da egoera beste herrialdeetan?

Bai, Gipuzkoan askoz ere gehiago dira pilotan aritzen diren neskak, federatuta behintzat. Honi Bizkaia, Iparralde eta Nafarroa jarraitzen diote.


Pilota mundua urrun geratzen al da emakume askorentzat?

Ez dut uste urrun geratzen denik. Beste kirol bat da, guztietan bezala aurrerapausoak lortu ahal izateko entrenamendua eskatzen duena. Baina exijentzia berezirik eskatzen duenik ez zait iruditzen. Emakume asko dabil pilotan jolasten, jendeak uste duena baino askoz ere gehiago.

Beste modu batean esanda, emakumeoi ez zaigu urrun geratzen baina, jendearen bistara agian bai. Adibidez, herrietako jaietan jolasten dugunean, batzuetan oraindik badago jendea neskak pilotan aritzen ikustean harritzen dena.


Eta zer egin daiteke jendartea errealitate honetara hurbiltzeko?

Duela urte batzuk hasi ziren telebistan emakumezkoen partidak ematen eta hori aurrerapauso handia iruditzen zait. Eskoletan ere lan handia egin daiteke gure herriko kirolak erakusteko eta praktikara eramateko.


Zer eman dizu pilotak?

Pilotari esker jende asko ezagutu dut, bidaiatu dut, osasuntsu mantentzen laguntzen dit bai fisikoki, baita mentalki ere... Kriston satisfakzioa ematen dit!


Eta kendu? (Zerbait kendu badizu, noski!)

Txapelketek denbora “kentzen” dizute. Astean zehar entrenamenduak eta asteburuetan txapelketak izatean, une gutxi geratzen dira lagunekin egoteko edo beste edozer gauza egiteko.  Baina ez naiz damutzen, ondo aprobetxatutako denbora baita eta, inolaz ere, galdutakoa.


Zenbatero izaten dira entrenamenduak?

Euskal Selekzioarekin astean behin, eta klubarekin bitan, denboraldiaren arabera. Batzuk gogorrak, beste batzuk suabeagoak, batzuetan partiduak izaten dira, bestetan teknika lantzeko ariketak... laura-frontoia


Emakumezkoen Gomazko Paletako II. Zirkuituaren txapelketan buru-belarri zaude. Nola ikusten duzu zure burua?

Euskal Pala Zirkuituko 2. edizioarekin gabiltza orain eta horren baitan antolatuko diren txapelketetarako ari naiz entrenatzen batik bat. Trinketeko Euskal Liga jolasten ari gara ere ahizpa eta biok.

Zirkuituko lehenengo txapelketan Olatz gazte bizkaitarrarekin jolastu dut eta txapela lortu dugu Leire eta Nagoreren aurkako finalean. Zirkuito polita izango da eta aldi berean gogorra, gazteak oso indartsu datoz eta.


Bukatu aurretik, besterik aipatzeko?

Eskerrak eman nahi dizkiet emakumeongatik apustu egiten ari direnenei, gugan konfiantza daukatenei eta, nola ez, Euskal Selekzioan parte hartzeko aukera eman didatenei.

Azkenik, neska guztiak animatu nahi ditut kirol hau gertutik ezagutzera eta dagoeneko aritzen direnak jarrai dezatela, geroz eta gehiago izan gaitezen.


Irabazitako txapelketak:

  • 2009, 2010, 2011n: Arabako Pala argentinako txapelketa.
  • 2009, 2010, 2011 eta 2012an: Arabako Emakumezko 30m Paleta Banakako txapelketa.
  • 2010 eta 2011n: EHko Kluben arteko Trinkete txapelketa.
  • 2009, 2010, 2011 eta 2012an: Arabako gomazko paleta txapelketa.
  • 2010, 2011 eta 2012an: EHko Nesken Gomazko Paleta Irekia.
  • 2010ean: Nazioarteko Txapelketa Euskal Selekzioarekin, Boisen.
  • 2011n: Nazioarteko Txapelketa Euskal Selekzioarekin, Bilbon.
  • 2012an: Nazioarteko Txapelketa OPEN eran, Venezuelan.
  • 2011-12an: Euskal Pala Zirkuituan, 1.Edizioan: Sopelan, Aretan, Zornotzan, Mallabian eta Bilbon.
  • 2012-13an: Euskal Pala Zirkuituan, 2.Edizioan: Gasteizen

 

Irudia: Laura Saez de Arzamendi

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide