Pou anaiak: "Profesionalak gara baina mendiarekin maiteminduta gaudelako egiten dugu kirol hau"

hirinet 2013ko api. 12a, 09:39

pou-anaiak-cerro-torrenOrain bi hilabete eskas Pou anaiek erronka berri bati aurre egitea lortu zuten eta “munduko mendi politenetarikoa” iruditzen zaien Patagoniako Cerro Torre igo zuten izotzezko bidetik. Bertatik jaitsi eta munduko beste aldera zuzendu dute begirada, Himalaiara hain zuzen. Baina hori udazkenean izango da. Bien bitartean, besteak beste AEBtako granitozko hormak bisitatuko dituzte. Iker eta Eneko Gasteizen harrapatzea zaila bada ere, tartetxo bat atera dute euren azken proiektuaz eta oro har eskaladaz gurekin mintzatzeko.


Argentinako Cerro Torre izan da zuen azken abenturaren protagonista, izan ere, egin duzuen bidea, adituen esanetan, munduko garrantzitsuenen artean aurkitzen da. Zer moduz esperientzia?

Oso polita izan da. 2007an Fitz Roy mendia egin genuen eta esan daiteke, Fitz Roy eta Cerro Torre Patagoniako mendi esanguratsuenak direla. Bageneuzkan, beraz, mendi hau egiteko gogo handiak. Etxean kirol-eskaladaz egiteaz nekatu eta, nahiz eta fisikoki oso ongi prestatu ez egon arren, hara joatea erabaki genuen eta zorte handiarekin 20 egunetan Cerro Torre gailurra egitea lortu genuen. Mendi hau munduko politenetarikoa izan daiteke, estetikoki begietatik sartzen den horietakoa da, eta horrez gain, oso zaila da. Horregatik, egin nahi genuen. Egia esan, ez genuen espero gailurrera heltzea, Patagonian eguraldia oso txarra baita. Baina zortea izan genuen, eguraldi ona egin baitzuen eta beraz, oso pozik!


pou-anaiak-cerrotorren2Gainera, Cerro Torre-aren inguruan kondairak eta eztabaidak dira nagusi, ezta?

Bai, hala da. Alde batetik, politenen artean dagoenez jende guztiak igo nahi du. Bestetik, oso zaila delako. Lehenengo igoeratik egon da eztabaida, izan ere, printzipioz 1959.urtean Maestri igo zen lehendabizi, baina hor ere zalantzak daude, ez dago batere argi. Gauza ilun askok inguratu dute mendi hau; jende askok esan du mendia igo duela eta gero konprobatu da gezurra izan zela… Izan ere, eskalatzaileek askok jarraitu duten mendia izan da eta prestigio handia ematen du igotzeak. Pikareska hori, bizitzan bezala, mendian ere ematen da.


Kirolari batentzat, merezi al du prestigio bat horrela lortzeak, benetan lortu ez duzula jakinik?

Askotan pentsatu dugu horretaz eta gu uste dugu ez duela merezi. Gu profesionalak gara, baina azken finean mendia egiten duzu gustuko duzulako, mendiarekin maiteminduta zaudelako. Beti esaten dugu ez dagoela dirua ekintza hau ordaindu dezakeenik. Gainera, arrisku bat suposatzen du eta esfortzua oso handia da eta beraz, ez du merezi halakoak egitea. Baina azken urte hauetan, eskalada gero eta profesionalagoa izan denez eta gero eta arrakasta sozial handiagoa izan duenez, gutxi batzuk horrelakoak egin dituzte. Baina ez du merezi. Askotan gailurra egiten duzunean ez diozu buruari bueltak ematen, lortu duzu eta listo, baina lortzen ez duzunean gauza asko planteatzen dituzu; zer egin dut gaizki, nola hobetu dezaket…

Tamalez, gaur egun, kirol mailan batez ere, arrakasta azkarra saltzen da eta gailurra lortzeko egin behar duzun bidea kontuan hartu beharrean emaitza finalak besterik ez du inporta.  Gailurra 10 minututan egiten duzu, baina garrantzitsuena da haraino igotzeko egiten duzun bidea.


pou-anaiak-ikerZein zailtasun topatu zenituzten Cerro Torre glaziarra eskalatzerako orduan, kontuan izanik zuek arrokakoak zaretela?

Hala da, gu arrokakoak gara. Argentinara joan eta bertan ez zegoen arrokarik eta bat-batean eskuetan pioletak genituen! Kar-kar.. Baina, tira, gu denetarik egiten dugu eta polibalenteak izaten saiatzen gara, nahiz eta izotza ez izan gure espezialitatea.


Gailurra egitea ez ezik, erreskate batean ere parte hartu zenuten, ezta?

Bai, baina Patagonian hori oso normala da. Izan ere, urtero parte hartu dugu erreskate baten edo besten. Patagonian ez dago helikopterorik, orduan suposatzen da Patagonian ibiltzen diren mendizaleen %80a edo eskarmentu handikoak direla. Helikopterorik ez dago bi arrazoiengatik: batetik, eguraldiagatik, izan ere, haizea dela eta helikopteroek ezin dute ondo ibili eta bestetik, Gobernuaren erreskate taldean ez dago zona horretan ondo ibiltzen den piloturik. Alpeetan esaterako, oso pilotu onak daude eta Himalayan gero eta gehiago. Baina nik uste dut urteekin Argentinan jarriko dituztela, gero eta jende gehiago ibiltzen delako. Hala ere, erreskate talde hauetan askotan boluntarioak egoten dira.  Eta oraingoan ere erreskate batean parte hartzea tokatu zitzaigun. Justu abisatu ziguten momentuan ‘asado’ bat egiten geunden, baina tokatzen bazaizu, atera behar zara derrigorrez. Garai batean, eskaladaren parte bat zela esan daiteke. Tamalez, egun Europan gauzak aldatu dira apur bat eta askotan emaitzei ematen diegu garrantzia gehiago. Baina ezin da ukatu, erreskateak mendiaren parte garrantzitsu bat dira eta hori oso polita da.


Udazkenean Himalaiara joango zarete, baina hasiera batean zuen asmoa udaberrian joatea zen. Zergatik aldaketa hau?

Bertan dagoen jendearekin kontsultatu eta egin nahi dugunerako hobe dela udazkenean joatea azaldu digute. Horregatik, udaberrian Estatu Batuetara joango gara. Fisuretan eskalatu nahi dugu eta Euskal Herritik gertu ez dago aukera handirik; hemen gehienbat kareharriko eskalada egiten da eta fisurak granitoan ematen dira. Horregatik, pitzadura hauek aurkitzeko lekurik onena Utah estatuko Indian Creek dugu. Leku benetan zoragarria!

Udazkenean, berriz, Himalaiara goaz, Garwhal aldera, baina oraindik ez dakigu zein mendi igoko dugun, baina 6.000 edo 7.000 metroko mendia egiten saiatuko gara, guztiz bertikala den bat, hain zuzen. Eskalada librea 6.000 metrotik gora egitea oso gogorra da, batu behar dizkiozulako goi-mendiko kondizioak eta altuerako baldintzak. Baina tira, oso erronka polita dela uste dugu eta saiatuko gara eskalada goi-mendira eramaten.


Gaur egun astintzen gaituen krisiarekin, posible al da proiektu hauek gauzatzeko baliabideak lortzea?

Gu hasieran batean ‘kexatzen’ ginen zortzi milak egiten zituzten mendizaleek gu baino laguntza gehiago jasotzen zutelako eta nolabait gu izan ginen lehenak kontu hauekin apurtzen eta eskaladaren mundua apur bat profesionalizatzen. Baina egun gauzak nola dauden ikusita, ezin gara ezertaz kexatu. Guretzat zaila izan zen bidea irekitzea baina hala eta guztiz ere garai horiek oraingoak baino errazagoak ziren eta beraz, ezin gara kexatu. Guk zortea daukagu aurreko babesleak mantentzen ditugulako, baina egun mendiaren munduan burua atera nahi duen gazte batek zailtasun asko aurkituko ditu.


pou-anaiak-biakNon dago Pou anaien gailurra?

Momentuz ez dugu gailurrik edo mugarik ikusten. Urtero atzeratzen dira proiektuak eta agian gauza zailena abangoardiako proiektuak imajinatzea da. Nolabait artista kutsu bat ere izan behar duzu. Artistak artistak dira jakina, baina eurek obra bat egin baino lehen euren buruan irudikatzen duten moduan, geuk ere antzeko zerbait egin behar dugu. Egin diren proiektuak errepikatzea erraza da, ez ordea, mendian bide bat irekitzea. Hortaz, gure egungo erronka horixe bera da, eskalatzaile askok egin duten mendi horretan bide edo marra berriak deskubritzea.


Gasteizen egiten zen Mendi Film Festival-a Bilbora eraman zuten iaz. Zer iruditu zitzaizuen erabaki hau?

Alde batetik, pena eman digu Gasteizen galdu dugulako eta beste alde batetik, poza sentitu dugu mantendu delako. Euskal Herria txikia da eta ez du ematen nazioarteko mendi jaialdi bat baino gehiago izateko. Gainera, gu oso harreman ona daukagu Bilboren! Baina tira, alde txarra zera da; erakundeek ez dutela jaialdi honen aldeko apusturik egin. Baliteke dirurik ez egotea, batek daki! Hala ere, hiriko talde handiei, Baskonia eta Alaves kasu, ematen zaien diru kantitatetik zati txiki-txiki bat eliteko beste kirolariei (asko eta onak dira Araban) bideratuko balitzaie, askoz hobeto egongo lirateke kirolari horiek guztiak.


Ildo horretan, eskalada bezalako kirol batek erakundeen benetako bultzada jasotzen al du?

Estatuarekin konparatzen baldin baduzu, Euskal Herrian eskalada eta mendiaren arrakasta oso handia da, baita erakundeei dagokienez ere. Tradizio handiago dago eta sozialki oso ondo ikusita dago. Jakina gehiago beharko genukeela! Adibidez, iaz Gasteiz Europako Hiriburu berdea izendatu zuten eta guk dakigunez, ez dute ez mendizalerik ez korrikalaririk erabili hori promozionatzeko. Guk behintzat ez ditugu ikusi eta gure inguruan dauden mendiak eta ibilbideak kontuan harturik pena bat iruditzen zaigu.


Badirudi azken urteetan eskalada modan jarri dela, ezta?

Bai, horrela da, baina gure belaunaldiarekin konparatuz ezberdintasun bat dago, izan ere, gure belaunaldia mendian hasi eta gero eskaladara pasatzen zen eta orain kontrakoa ematen da. Eskalada gero eta urbanoagoa da eta gazte asko hasten dira eskalatzen eta gutxi batzuk pasatzen dira gero mendira. Gasteizen eta Euskal Herrian ez ezik, Europan eta mundu mailan eskaladaren gorakada eman da eta hori oso ona dela uste dugu. Etorkizun zoragarria dator!

 


Argazkiak: pouanaiak.com

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide