alea.eus

Lasierra: Landa eremu artistikoa

ESTITXU UGARTE LOPEZ DE ARKAUTE 2018-06-08 18:00   Kultura  Añana  Erriberagoitia

Isiltasuna, lasaitasuna, eta bakardadea arnasteko tokia da Lasierra. Industrializazio eskasak eragin du Erriberagoitia osatzen duten 25 herrik Arabako benetako landa-eremuaren arima gordetzea.

Lasierra: Landa eremu artistikoa
Nork bere burua galtzeko moduko leku aproposa da Lasierra. / Saioa Fdez. de Aranguiz | Ikusi handiago | Argazki originala

Argantzun eta Pobes lotzen dituen errepide estu eta bihurgunetsu baten bazter batean dago Lasierra herri txikia, Nuvilla eta Villaluenga artean, Tuyoko mendien hegalean. Isiltasuna, lasaitasuna, eta bakardadea arnasteko tokia da, galtzeko toki bat. Garia eta babarrun nabarraren lurra da, baita patata eta erremolatxarena ere. 649 metrotara dago, eta bertatik Tuyo mendilerroa ikusten da ipar-ekialdean, hegoaldean San Formerio eta atzealdean Kantabriako mendilerroa.

Gasteizko mendien luzapena da Lasierra gordetzen duen Tuyoko mendilerroa, eta bertan dago, besteak beste, Araban bakarrenetakoa den konglomeratuan zulatutako kobazulo bat.

Eskualdearen industrializazio eskasak eragin du Erriberagoitia osatzen duten 25 herrik Arabako benetako landa-eremuaren arima gordetzea; Lasierrako biztanle gehienak nekazariak dira, zerealak, erremolatxa eta babarrunak landatzen dituzte gaur egun.

Hortaz, etxe bakartu gutxi batzuk osatzen dute herria, eta ondare arkitektoniko bakarra Done Jakue apostoluaren eliza da.

1923. urtean berreraiki zuten, tenplu zaharreko eta Nuvillako elizako materialak erabiliz. Elizaren atarian sartzeko erdi-puntuko arku lerden bat dago, eta haren gainean hiru begiko kanpai horma bat. Erretaula nagusia neoklasikoa da.

Azken urteetan sortzaileen, artisten eta pentsalarien topaleku bilakatu da Lasierra, Azala espazioari esker. Egoitzan dauden artista eta ikerlariei lanerako eta topaketarako espazioa eskaintzen die Azalak, baita ostatua ere. Kreazio lanerako eta ikerketarako egonaldiak, lantegiak, laborategiak, mintegiak, topaketak, ospakizunak, ate irekien egunak eta paseoak dira, besteak beste, Azalan antolatzen diren jarduerak.

Idoia Zabaletak eta Juan Gonzalezek abiatu zuten proiektua, 2008. urtean, kreazio espazio bat eta landa turismoa uztartuz. Bizilekua bizitza proiektua bilakatu zuten, eta bide batez Lasierra mapan kokatu zuten.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa