Hil da Koldo Larrañaga, euskaltzale handia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko abu. 16a, 09:17
Koldo Larrañaga, Caicedo-Yusoko apaiza. E.U.

Koldo Larrañaga apaiza eta euskaltzale handia zendu da, 94 urte zituela. Añanan euskara berreskuratzen eta euskal zinemagintzan lan handia egin du Larrañagak. Hileta ostegunean izango da, 19:30ean San Martin elizan, Gasteizen.

Azken hirurogei urte eman ditu Koldo Larrañaga apaizak (Azkoitia, 1923) Lantarongo Caicedo-Yuso herrian, bere nagusiek bertara 'erbesteratu' zituztenetik hain zuzen, Legutioko nekazarien alde jarri zelako soroak ureztatzeko eskubideei buruzko gatazka batean. Hasiera batean, Añanan, ez zuten ondo hartu "apaiz gorria", baina gerora herritarren esker ona irabazi zuen.

Betidanik euskararen aldeko borrokan aritu da Larrañaga Añana Kuadrillan. Euskara  berreskuratzeko zerbait egin behar zela-eta lehen saioa orain 30 urte egin zuten, Angostoko komentuan: Bertan 15 eguneko ikastaro bat antolatu zuten fraideek, eta Araba osoko jendea bildu zen bertan. Halaber, Gaubeako medikuarekin batera, bertako eskolan euskara irakasten hastea lortu zuen, gero Lantaronen gau-eskola hasi zen, eta pixkanaka-pixkanaka herri ia guztietan euskara ikasteko taldeak osatu ziren.

Euskal zinemagintzan aitzindaria izan da Koldo Larrañaga; Frankismoaren bukaeran euskal zinema nazionalaren oinarriak jarri nahi izan zituen Ikuska film labur bilduman parte hartu zuen, besteak beste, Antxon Ezeiza, Montxo Armendariz, Jose Luis Egea, Pedro Olea eta Imanol Uriberekin batera. Arabako nekazal eremuaren huste arriskutsua erakutsi zuen Koldo Larrañaga apaiz eta zinemagileak Arabako herrien heriotza film laburrean. 

'Arabako herrien heriotza' filmaren irudi bat.

Halaber, 1976ko Martxoak 3ko gertakarien inguruan hainbat argazki, eta bideoak ere grabatu zituen apaizak; Olabide ikastolako umeekin egin zituen zine lanak. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide