Martxan dira Santa Katalinako bisita gidatuak, tailerrak eta kultura ekimenak

Mirian Biteri 2017ko api. 10a, 07:09

Lorategi botanikoaren denboraldi berria aurkeztu dute; askotariko jarduerak izango dira apiriletik urrira bitartean.

Zabalik daude ostera ere Santa Katalinako lorategi botanikoko ateak, eta turismoa sustatu nahian, jarduera programa erakargarria prestatu du Arabako Diputazioak; besteak beste, bisita gidatua, tailer didaktikoa eta kultura ekitaldiak izango dira datozen hilabeteotan bertan.

Berrikuntzen artean, tximeletategiarekin lotutako ekimenak dira nabarmentzekoak. Uztailean, esaterako, tximeleten gaineko hitzaldia eskainiko du aditu batek gune horretan, eta baita animalia horiek behatzeko saioa ere. Gainera, ikasleen bisitak antolatzeko egutegia prestatzen dabiltza datorren ikasturterako, umeek tokian bertan ikas dezaten espezie horren metamorfosi eta bizitzari buruz jakin beharrekoa.

Tailer didaktikoak ere antolatuko dituzte, gainera, lorategiko denboraldi berriari begira; hain justu, sendabelarren eta tokiko landareen gainekoak izango dira, eta lurrin eta xaboiak artisau erara egiten ere ikasteko aukera izango dute.

Izarrak behatzeko saioak

Izarrak eta konstelazioak behatzeko saioak ere leku berezia izango du. Azpimarratzekoa da Santa Katalinako lorategia Starlight izar parke moduan onartua izan dela, eta ekitaldi nagusi gisa, ilargi festa egingo dute abuztuaren 10ean. Dagoeneko errotuta dagoen festa da hori, urtero milaka lagunek parte hartzen dute baitute antzerkiz lagundutako ibilaldian.

Flamenko eta tango gauak

Horrez gain, askotariko kultura ekitaldiak izango dira datozen hilabeteotan; tartean, flamenko eta tango gauak egingo dituzte, eta Erdi Aroan oinarritutako Enperadorearen bidaia antzezlana eskainiko dute. Gauean pelikula eskainiko dute.

Apirila eta urria bitartean egingo dira aipatutako ekintza guztiak, Arabako Foru Aldundiaren Turismo Sustapenaren sailak eta Lorategi Botanikoaren Adiskideak Elkarteak elkarlanean sinatutako hitzarmenari jarraituz. Hiru ardatz nagusi ditu honako akordioak: tximeletategi berria eta tximeleta lorategia sustatzea, jarduera botanikoa bultzatzea eta lorategia turismo baliabide bezala indartuko duten askotariko jarduerak antolatzea.

Iazko urtean zehar 12.000 lagun baino gehiagok bisitatu zuten Santa Katalina lorategia eta kopuru horrek bisitarien zenbatekoan %25eko hazkundea eragin zuen.

Egutegia

Bakoitzak bere kabuz edo bisita gidatua eginez ikusi daiteke lorategi botanikoa, honako ordutegian: 10:00etatik 14:00etara, astegunetan; eta 11:00etatik 15:00etara, larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan. Maiatzetik irailera bitartean, berriz, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide