Añana Bizirik –Kuadrillako hiruhilabetekari berria– eta Alea astekaria ezagutzeko parada izan dute kultur jardunaldietan, Lantaronen. Halaber, kazetariekin kexak partekatu dituzte lantarondarrek.
Hogei bat lagun bildu ziren udaletxearen areto nagusian, hilaren amaieran, denak adinekoak, eta denak erdaldunak, Koldo Larrañaga Caicedo-Yusoko apaiza, Eduardo Fernandez de Pinedo Kuadrillako lehendakaria, eta Aleako bi lagun salbu. Hala ere, ia denek esan zuten etxean euskaldunik bazeukatela, eta Alea eraman zuten familiari emateko. "Argazkiak ikusteko ez da euskaraz jakin behar", animatu zituen Larrañagak.
Interes handia piztu zuen aurkezpenak; galderak eta kexak partekatu zituzten bertaratutakoek. "Lantaron ez da inoiz inon agertzen", kexatu ziren aho batez; "inguruko kiroldegirik onena dugu, kultur jarduera piloa antolatzen ditugu; nesken eta mutilen futbol-eskola ere badago, baina ez da ezer esaten, existituko ez bagina bezala", aurpegiratu zuten.
Elkar ezagutza
Elkar ezagutza sustatzea funtsezkoa da Lantarongo Udalak antolatzen dituen jarduera kulturaletan, eta aisialdiarekin loturiko ekintzetan. Lagun talde handia trinkotu da Koldo Larrañaga apaizaren inguruan udalerrian, eta urtean hamaika hitzaldi, zine-forum, eta bisitaldi gidatu egiten dituzte herritarrek. Hogeita bost urte daramatzate kultur ekintzak antolatzen, eta bide horretan Lantarongo Udala "ezinbesteko laguna" izan dela azpimarratu dute bizilagunek. Izan ere, jarduera guztiak doakoak dira, eta gainera, zine-forumak eta hitzaldiak antolatzen dituztenean, herri guztietara doako autobusa bidaltzen du Udalak, herritarrak jasotzeko.