Badaiako Santa Katalinari buruzko ikerlana argitaratu dute

Estitxu Ugarte 2016ko eka. 27a, 13:32
Badaiako Santa Katalinako komentua

Iruña Okako Askegi kultur elkarteak Badaiako Santa Katalinako lorategiaren eta komentuaren iraganari eta orainari buruzko ikerketa lan bat argitaratu du

 

 Garaian garaiko beharretara egokitu da Badaiako Santa Katalina modu bikainean. Iruña familiaren etxe nagusia izatetik komentu izatera igaro zen 600 urteko tartean; azken hogei urteetan hondakinen baratza izatetik lorategi botaniko eta monumentu multzo ikusgarria izatera pasatu da.

Badaia mendateko  Santa Katalinan mendez mende jazotako aldaketen inguruko ikerketa sakona osatu berri du Iruña Okako Askegi kultur elkarteak, eta bere aldizkariaren aurtengo edizioan argitaratuko du. Hilaren 28an lanaren jendaurreko agerraldia egingo dute, izan ere iragan astean egiteko asmoa zuten Iruña Okako Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren ordezkari politikoekin batera, baina hauteskunde kanpaina dela eta, ekitaldia bertan behera utzi behar izan zuten.

Liburuaren lanketan ikerlari ugarik parte hartu dute, hala nola, Idoia Filloy arkeologoak edo Daniel Luengas arkitektoak eraikinari buruzko mugarri historiko eta arkitektoniko nagusiak bildu dituzte. Askegiko eta Lorategi Botanikoaren Lagunen elkarteetako kideek ere parte hartu dute.

Iruñatarren herentzia

Liburuak jasotzen duen bezala, Iruña familiak sortu zuen XIV. mendean lehenbiziko etxea Santa Katalinan. "Iruña familiaren etxe nagusiak Erdi Aroan, harkaitzen artean, eraikitzen ziren gazteluen antz handia du; Lanosen, Estulizen edo Argantzunen daudenak bezala erosotasuna baino babeslekua izatea lehenetsi zuten". Denborak aurrera egin ahala familiaren beharrak aldatzen joan ziren, eta garaiko modari jarraituz, eliza eta jauregia eraiki zituzten iruñatarrek, eta etxe nagusi iluna utzi zuten. Ikerketak dioenez, elizaren hegoaldeko paretaren kontra jauregi eder bat eraiki zuten, hiru solairu zituen eta beheko solairuan sarbide handi bat zegoen, arku batekin.

XV. mendearen amaieran aldaketa arkitektoniko eta sozial handiak jazo ziren Badaia inguruan, izan ere Andres Iruñakoa eta Mari Sanchez senar-emazteak etxez aldatu ziren, eta Otxanda Anderearen Dorrera joan ziren bizitzera, Gasteizko familia boteretsuenen artean toki bat bilatzeko asmoarekin. 

Halaber, Santa Katalinaren inguruetan komentu bat eraikitzea erabaki zuten. Garai horretakoa da uraren kanalizazioa egiteko ezarri zuten sistema aurreratua. Euri-ura eta lurpeko iturburuen ura komentuaren goiko aldetik beheko aldean kokaturiko  zenbait uharketara eramateko sistema asmatu zuten. Gainera, ur-zulo batzuk baratzeak eta laboreak hornitzeko erabiltzen zituzten, eta beste batzuk fraideen eguneroko lanetarako.

Fraideak Badaian

1407. urtean, San Jeronimo ordenako fraideek bere menpe hartu zituzten Iruña familiak utzitako komentua, eliza eta jatorrizko etxea, eta 1471. urtean alde egin zuten,  "eraikina oso egoera tamalgarrian zegoelako", eta ezin zuelako jaso ordenak zituen fraide kopurua.

Hala ere, 1473. urtean San Agustin ordenako fraideek komentua okupatu zuten eta, bide batez, Martin Martinez de Iruña eremuaren oionordekoa, erreforma lan handiak egiten hasi zen. Hala, egun ikus daitekeen kanpai-horma eraiki zuen jatorrizko etxearen gainean, elizaren leiho asko aldatu zituen, arrosa leihoak eraiki, eta jauregia eraberritu zuen. Dena den, garaiko aldaketa nagusia komentuan eraikitako  klaustro ederra izan zen. 

Askegik osatu duen liburuaren arabera, Santa Katalinako monumentu multzoaren gainbehera 1836. urtean etorri zen, Lehen Karlistadan hain zuen. Ordurako hutsik zegoen eraikina, eta Otxoa jeneralaren karlistek gotorleku gisa erabiltzen zuten. Abuztuaren 6an Zurbano jeneral liberalak komentua hartu eta su eman zion. Eraikin nagusiaren goiko parteak, teilatua eta ondoko edifizio batzuk erre ziren.

Gero, besterik gabe, naturak eremu osoa hartu zuen. 1999. urtean Iruña Okako Udalak 32.500 metro koadroko hondakina erosi, eta bertan lorategi botaniko bat kokatzea erabaki zuen. 2003.urtean inauguratu zuten Arabako lorategi botaniko bakarra, bost kontinenteetako 1.200 espezie botaniko biltzen dituena. Zortzi urte geroago, eta eraikinen egoera gero eta kezkagarria zela ikusirik, Udalak Santa Katalinaren eraberritze osoa bilduko zuen egitasmo bat martxan jarri zuen. Gaur egun, ingurumena, historia eta ondarea batzen dituen eremu bizia bilakatu da Badaiako Santa Katalina.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide