Caicedo-Yusoko lakua kontserbazio bereziko eremu izendatu dute

Erredakzioa 2016ko eka. 1a, 11:02
Irudia: M.Rozas

Era berean, Añanako diapiroa Biotopo babestu izendatu dute.

Arabako Caicedo-Yusoko lakua eta Araban eta Gipuzkoan zati bana duen Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu dituzte. Era berean, Añanako diapiroa Biotopo Babestu deklaratu du Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak.

Caicedo-Yusoko lakua eta Añanako diapiroa

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, “eremu horren zati batek izendapen bikoitza izango du, Naturagune Babestu den aldetik; batetik, Biotopo Babestu, eta bestetik, Kontserbazio Bereziko Eremu izango da, Natura 2000 Sarearen barne dagoena”. 

Caicedo-Yusoko lakuan intereseko 11 habitat mota dago gutxienez, horietatik lau lehentasunezkoak eta gutxienez bi fauna-espezieren bizilekua da. Gainera, gutxienez 12 hegazti-espezieren bizilekua da, eta migratzaile askoren igarobide ohikoa. Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoari dagokionez, galzorian dauden gutxienez bi flora-espezie daude, beste bi kaltebera eta hiru bakan. Eremu horrek Biotopo Babestu izateko baldintzak betetzen ditu; singulartasun, bakantasun, edertasun eta interes zientifiko nabarmeneko paisaiak, ekosistemak, interesgune geologikoak, formazio geomorfologikoak eta elementu biologikoak daude.

Añanako diapiroa, berriz, ingurune kaltebera da, eta aldaketa batek ondorio atzeraezinak izango lituzke Arreoko iturburuen eta lakuen fluxu-eskeman.

Biotopo Babestuan Añanako gatz-harana aipatu behar da, garrantzi handiko hezegunea ekologiaren, kulturaren, paisaiaren eta historiaren arloetan. Biotopo Babestuan intereseko 14 habitat daude.

 Diapiroa arroka arinek beste arroka astunagoen artean goratuz sortzen den egitura geomorfologikoa da. Gatz, igeltsu, buztin eta dentsitate txikiko arrokek osatzen dute.

 

Aizkorri-Aratz

Zonalde hau Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuta, habitat naturalak eta Batasunaren intereseko fauna eta floraren espezie basatien kontserbazio-egoera ona iraunaraztea edo berreskuratzea bermatuko du. Aizkorri-Aratzen Europar Batasunaren intereseko gutxienez 24 habitat mota egiaztatu dira, horietatik bost lehentasunezkoak. Gainera, Habitat zuzentarauan jasotako gutxienez bi flora-espezie eta hamaika fauna-espezie hartzen ditu, baita beste sei ere, eta aipatzekoa da gutxienez 20 hegazti-espezie daudela bertan.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide