Kuartango Haranako Trinitate ermitara hurbildu dira goizean inguruko herrietako bizilagunak baita Añana Kuadrillako Gaubea, Erriberabeitia edo Iruña Okakoak ere. Egun osoa egin dute dantzan zelaietan.
'El Castillo' deituriko dantza eskaini diete kuartangarrek bisitariei. Hamar mutilek parte hartzen dute aipaturiko dantzan, Katalunia aldean oso ezaguna den 'casteller' bat eraikitzeko. Gizon horietatik sei behean kokatzen dira, haien gainetik hiru igotzen dira, eta horrela bigarren mailaren gainean beste bat jartzen da. Goitik, azken horren lana goraipamenak ozenki lau haizetara botatzea izaten da. Gaur Nicolas txikiari egokitu zaio inguruko herriak eta herritarrak goratzea. Bestalde, inguruan oso tradizionalak diren beste batzuk dantzatu dituzte.