Zabalateko gazteluari buruz lantalde instituzionala sortu dute

Estitxu Ugarte 2016ko mai. 5a, 10:28

 Zabalateko Gazteluaren kalteak aztertzeko eta neurriak hartzeko lantalde instituzionala osatu dute Zanbranako Udalak, Arabako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak. Zabalate salbatzea dute helburu.

Iragan apirilaren 21ean bildu ziren lehenbiziko aldiz instituzioak, eta hil honetan hitzordua egin dute berriro. Lehenbiziko urratsa ere egingo dute lehenbailehen; gazteluko omenaldi-dorrearen inguruan dauden zonalde arriskutsuetan seinaleak jarriko dituzte bisitariak ez hurbiltzeko. 6.000 euroko aurrekontua zuzendu dute ingurua seinaleztatzeko.

Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin zuen astelehenean Zanbranako alkate Aitor Abeciak. Kultura Batzordean kritikatu zuen instituzio publikoen  partetik sarritan diru laguntza gehiago zuzentzen direla kontu pribatuetara ondare publikoa zaintzera bideratu beharrean.

Bestalde, Zabalateko gazteluaren eremuan ikerketa sakona egiteko beharra azpimarratu zuen alkateak. Izan ere, haren esanetan, egun hauteman daitezkeen laborantza terrazen azpian Erdi Aroko hiribildu inportantea dago: "Lau mendez abandonatuta egon zen hiribildua, eta XVI. mendean erabaki zuten hondakinak lurrarekin estaltzea eta inguru hori laborantzari dedikatzea".

Halaber, Zabalate turismoa erakartzeko motorra izan daitekeela aipatu zuen alkateak, eta biztanleak  erakartzeko ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide