Langraiz Okarako sarbidea hobetuko du Aldundiak

Erredakzioa 2016ko ots. 23a, 14:15

1,5 milioi euro inbertituko ditu, herrira A-3308 errepidetik sartzeko bidea hobetzeko, eta Gasteiztik Langraizera (eta alderantziz) doazen ibilgailuak A-2622 errepide zaharreko bidegurutzean gelditu behar izatea ekiditeko.

Arabako Foru Aldundiak 1,5 milioi euro inbertituko ditu Langraiz Okara A-3308 errepidetik sartzeko bidea hobetzeko, eta Gasteiztik Langraizera (eta alderantziz) doazen ibilgailuak A-2622 errepide zaharreko bidegurutzean gelditu behar izatea ekiditeko. Martxoan ekingo diete lanei, eta sarbide berria urtea amaitu baino lehen irekiko da zirkulaziorako.

 

Proiektu horrek gidarientzat segurtasun eta erosotasun handiagoa lortu nahi du, eta proiektuaren barruan biribilgune berri bat egitea aurreikusi da, herriko ikastegi berriaren eta kirol eremuaren parean. Orobat, Subillabideko industrialderako sarbidea hobetu eta Langraizerako ekialdeko sarbidea berrantolatuko du, herri arteko zirkulazioaren eta herri barrukoaren arteko lotunea izango den biribilgune bat dela medio. Errepidearen egokitzea ere jasotzen du proiektuak.

 

Gaur Diputatuen Kontseiluak proiektua esleitu du, 1,5 milioi euroan eta zazpi hilabeteko gauzatze epearekin, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak proposaturik. Horren helburua bikoitza da: bere garaian Langraiz Okako Kontzejuarekin izenpetutako lankidetza hitzarmena betetzea, eta Arabako Errepideen Plan Integralean (AEPI) gurutze gune eta sarbideen berrantolamenduari buruz aurreikusitakoak gauzatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide