Inglares ibaiaren ur-jauzira doan ibilbidea berreskuratu nahi du Zanbranako Udalak. Bergantzutik Herrerias izeneko ur-jauzira zortzi kilometroko ibilbide zirkularra konponduko dute eta Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Euskadiko Ibilbide Osasungarrien Sarean sartuko dute. Bidea balizatzen eta berezko seinalizazioa prestatzen ari dira une honetan.
Ez da berez sortutako ibilibidea baizik eta aurretik zegoen bide bat aprobetxatzea. Izan ere Inglares ibaiaren amildegiaren ingurua aski ezaguna da herritarren eta mendizaleen artean Moraza, Pagoeta edo Toloño mendietara igotzeko erabiltzen baita.
Inglares ibaia San Leon mendiaren inguruan sortu, eta mendebalderantz abiatzen da. Toloño mendilerrotik jaisten diren errekatxoak elkartzen zaizkio Bergantzu eta Ociotik igaro baino lehen. Ebro ibaira Santa Cruz del Fierro inguruan isurtzen ditu bere urak. Ibaiak, guztira, 20,4 kilometroko ibilbidea egiten du. Bergantzutik Urizaharrara jaisten denean Inglaresek ur jauzi eta ur-laster txikiak sortzen ditu, bost kilometrotan 200 metroko jauzia baitago. Hain zuzen zati horretan dago Herrerias izeneko hogei metroko ur-jauzi bizia.
Bestalde 1897. urtean uraren indarra aprobetxatzeko zentral elektriko bat eraiki zuen Sociedad Electro Hidraúlica Alavesa enpresak Zanbrana bera eta Gasteizko hegoaldea hornitzeko. Zentrala Arabako zaharrenetakoa da eta oraindik martxan dago.
Hain zuzen berreskuratuko duten ibilbidea Bergantzutik ateratzen da eta Inglares ibai-ertzetik ur-jauziraino doa. Bertatik aipatu zentral hidroelektrikoaren ur-kanalaren paretik igotzen da berriro herrira.
Bergantzu Zanbranako udalekoa da, Ocio, Zabalate eta Zanbrana berarekin batera. Inglares ibaiak bereizten ditu herriko etxeak alde banatan, erdi eta erdi. Haran estu batean dago, hegoaldetik Toloño mendiguneak itxita eta iparraldetik Txulato-Moraza mendilerroak.