Laudio udaleko Euskara Arloak antolatuta, Hozkailua antzezlana eskainiko da, Huts Teatroa taldearen eskutik. LaudiOHOLTZA programen barruko ekimena da. Sarrera: 3 euro.
Udal Folklore Akademiak Dantza Plazan programa abiatu du. Jardueraren xedea dantzaren eta musikaren zentzu ludikoa berreskuratzea da, ez jantzi eta ez koreografia bereziren beharrik gabe, hartara herriaren adierazpen folklorikoen jatorrizko espiritua berreskuratzeko. Herritarrei irekitako ikuskizuna da, euskal dantza tradizionalen ikusle eta, aldi berean, partaide izateko aukera eskaini nahi baitzaie herritarrei. Nagusiki pedagogikoa da Dantza Plazan jarduera, Akademiako dantzako irakasleek aktiboki hartzen baitute parte, koreografien pausuak azalduz.
Udaberri honetan Altxa kopla hori egitasmoa martxan ipini du Arabako Bertsozale Elkarteak. Bertsolariek kopla doinuetan kantatuko dute. Arabako 28 bertsolarik, 6 gai jartzailek eta tokian tokiko bina musikarik parte hartuko dute. Kopla sortak ekoizteko tailerrak ere antolatuko dira hainbat herritan. Artziniegako saioan Asier Otamendi, Julen Zulaika, Aroa Arrizubieta, Unai Bengoetxea bertsolariak izango dira, eta Marta Ugarte gai jartzaile gisa.
Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa bideo-instalazioa ikusgai egongo da maiatzaren 26tik uztailaren 2ra Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian. Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa ikus-entzunezko sorkuntza bat da, azken hamarkadetako euskal sortzaile original eta garrantzitsuenetako bat ezagutzeko helburuz sortutako erakusketa. Ikusleek irudi, musika eta soinu mundu batean murgilduta, haren obra ezagutzeko aukera izango dute. Joxe Antonio Artze Agirre -Joxan Artze- (Usurbil, 1939) idazle eta musikariak 40 urte baino gehiagotan garatutako lan poetikoan zehar egindako bidaia da Ikimilikiliklik bideo-instalazioa. JA Artze oso ezaguna da herritarren artean Mikel Laboaren abesti ikonikoen letren egilea izateagatik, esaterako, Txoria txori, Gure Bazterrak edo Zaude lasai; baita bere anaia Jexuxekin txalapartari gisa aritzeagatik ere. Baina Artzek obra sakona eta gutxi ezagutzen dena ezkutatzen du, artearen hainbat esparrutan garatu duena: poema-liburuak, audio-grabazioak eta ikuskizun eszenikoak. Horien isla izan nahi du bideo-instalazio honek.