Buzoi adimendunak paratuko dituzte sei herritan

Erredakzioa 2024ko api. 30a, 12:42

Sektoreari ikusgarritasuna emateko sustapen kanpaina bat abiatuko du Aldundiak. Argazkia: AFA

Araia, Artziniega, Guardia, Murgia, Langraiz Oka eta Kanpezun izango dute banaketa sistema berria.

Landa eremuko merkatariei kanal berri bat eskaintzeko helburuarekin, Arabako Aldundiak armairu adimendunak jarriko ditu datozen asteetan Araia, Artziniega, Guardia, Murgia, Langraiz Oka eta Kanpezun.

Maiatza eta ekaina bitartean jarriko dituzte, eta bakoitzak 28 armairu txiki izango ditu: tamaina desberdinetako lehorreko 22 armairu eta elikagaiak kontserbatzeko 6 armairu hoztu. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako eskualde bakoitzeko landa saltegi guztiek eskuratu ahal izango dituzte horiek, euren produktuak edo zerbitzuak erosleei bertan utzi ahal izateko. APP bidez funtzionatuko dute; eskaera bat armairuan entregatzen denean, bezeroak abisua jasoko du, eta hura jasotzeko jarraibide batzuk izango ditu.

Sektorea sustatzeko plana

Arabako Landa Merkataritzari Laguntzeko Planaren barruan sartzen da egitasmo hau, eta sektorearen esku jartzen du "sustapen, kudeaketa, merkaturatze, prestakuntza eta digitalizazio tresna multzo bat", askotan horrelako negozioen irismenetik kanpo baitaude. Landa merkataritzaren kontsumoa bere eragin eremutik harago bultzatu nahi dute, azaldu dutenez, merkaturatzea eta digitalizazioa hobetuz: "Produktibitatea indartu nahi dugu trazabilitate eta kudeaketa logistikoko ekintzen bidez, bezeroari ematen dion zerbitzua hobetzeko".

Datozen asteetan kuadrilla guztiak bisitatuko dituzte, ostegunetik larunbatera, landa saltegiak, haien produktuak eta zerbitzuak ikusarazteko eta herritarrak sentsibilizatzeko landa merkataritzan kontsumitzeak dakartzan onuren inguruan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide