alea.eus

Santa Maria kalera joango da Argantzungo aurrekontu proiektuko diru gehiena

Mirian Biteri 2017-02-23 12:08   Gizartea  Trebiñu  Argantzun

Eremu horretako azpiegiturak berrituko dituzte aurten: 95.000 euro inguru bideratuko dituzte.

Roberto Ortiz Urbina alkateak gogorarazi du orain dela hiru bat urte berritu zela kale horretako zorua; galtzada-harria jarri zuten bertan. Horrekin lotuta, nabarmendu du azpiegiturak direla datozen hilabeteotan aldatuko direnak: saneamendu-sare berria jartzearekin batera, askotariko zerbitzuetako sareak lurperatuko dituzte eta argiteria ere aldatuko dute. Alkateak azaldu du proiektua idazten dabiltzala orain, eta lan horiekin amaitzean, hirugarren fase bat geratuko litzatekeela egiteke.

592.883 euro

Pasa den urtarrilean onartu zuten Argantzunen aurrekontuen proiektua: aurreikusi dute 592.883 eurokoa izango dela hori. Iazko kontuekin alderatuta zertxobait jaitsi da aurtengoa, hain zuzen, 15.000 euro inguru. Arrazoia honakoa izan da, alkatearen esanetan: "Pasa den urtean ondasun higiezinen balio katastrala eguneratu egin zen; %8 inguruko jaitsiera izan du horrek gurean. Beherakada hori aurtengo aurrekontuetan igarri da".

Bestalde, Argantzungo Udalak 50.000 euroko partida aurreikusi du udalerriko hainbat tokitan lan egiteko. Besteak beste, kanposantuko udal horma-hobien teilatua konponduko dute, Billa Oka herriko eskola etxean obrak egingo dituzte, Argantzungo hainbat elkarteen leihoak eta ateak berrituko dituzte eta ikastolako horma bat ere inpermeabilizatuko dute.

Ospitale zaharra hustu

Horrez gain, erromesen ospitale zaharra hustu egingo dute. "Bertan dagoen zaborra kendu behar dugu, eta horixe da, hain justu ere, aurten egingo duguna. Gizarte etxea egin nahi dugu han; bada, inbertsioa handia da eta kasu honetan ere faseka egingo ditugu lanak", azaldu du Ortiz Urbinak. Azkenik, pilotalekuan ureztatze automatikoa jartzeko dirua ere aurreikusi dute aurtengo kontuetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa