alea.eus

Treviño, arbaso trebiñarrak dituen orkestra zuzendari estatubatuarra

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-02-10 16:38   Gizartea  Trebiñu  Trebiñu

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria izendatu dute Texasko Robert Treviño; erroak bilatu nahi ditu Trebiñun. 

 

Treviño, arbaso trebiñarrak dituen orkestra zuzendari estatubatuarra
Robert Treviño, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari berria. ROBERT TREVIÑO | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtarrilaren 16an aurkeztu zuten Robert Treviño  (Texas, 1984) Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari berria bezala.  Aurkezpenaren harira eta abizenaren inguruan hainbat hedabidetan galdetuta argitu du Treviñok arbaso euskaldunak dituela. "Amonak eta birramonak istorioak kontatzen zizkidaten Trebiñuri buruz, gure arbasoek Trebiñuko elizaren eraikuntzan parte hartu zutela zioten eta oso harro zeuden, baina egia esan nik ez dakit noiz alde egin zuen familiak AEBetara". 

Martxoan egon zen lehenbiziko aldiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria Euskal Herrian, baita Trebiñu aldean ere.  "Luzeago jo zuen bertara joateko bidaiak herria ikusteak baino. Hala ere ederra iruditu zitzaidan, ziragarria izan zen, gustatuko litzaidake itzultzea eta Trebiñurekin dudan harremana ikertzea". Arbasoen herria bisitatzeaz gainera, orkestra sinfonikoaren zuzendaria izendatu bezain pronto abizena aldatzea erabaki zuen estatubatuarrak, Trevinotik Treviñora. "Aitak abizena aldatu zuen latinoamerikar jatorrizko herritarrengan etsaitasun handia zegoelako" gogoratu du. 

Orkestra zuzendariarentzat kointzidentzia bitxia izan da arbasoen herrira itzultzea. "Modu bitxi batean unibertsoak hariak mugitu ditu eta hona ekarri nau, nire arbasoen tokira", esan du. 

Ibilbide profesionala

Nazioarte mailan 2013ko abenduan egin zen ezaguna Treviño, Moskuko Bolshoi antzokian Verdiren Don Carlo operaren ekoizpen berri bat zuzendu zuenean. Ondoren, sari ugari jaso ditu, eta munduko orkestra gorenekin jardun du: Munich eta Londresko orkestra filarmonikoak, Bambergeko Sinfonikoa, Frantziako Orkestra Nazionala eta Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoa, esaterako. Estatu Batuetan ere Detroit, San Frantzisko, Cleveland edo Cincinnatiko orkestrak zuzentzen ditu sarritan.

Treviñok bitan zuzendu du Euskadiko Orkestra. Estreinakoz, joan zen martxoan izan zen Orkestrarekin: abonu denboraldiaren baitan, Bruckner-en 7. sinfonia zuzendu zuen. Ondoren, irailean, BBK Museo Hiria proiektuaren harira, Bilboko Azkuna Zentroan izandako kontzertua zuzendu zuen. Treviñok Jun Märklen lekukoa hartuko du, 2017ko ekainean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa