alea.eus

Gasteizko udalak lurrak jarauntsi ditu Trebiñun

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-01-16 12:32   Gizartea  Trebiñu

San Prudentzio zaharren egoitzari utzi dizkio lurrak eta dirua bertan bizi zen emakume batek.

Gasteizko udalak lurrak jarauntsi ditu Trebiñun
Trebiñun bost zereal lurzoru jaso ditu Gasteizko Udalak | Ikusi handiago | Argazki originala

Trebiñuko Konderrian banatuta dauden hainbat sail oinordetzan jaso ditu Gasteizko Udalak, 200.000 eurorekin batera. San Prudentzio zaharren egoitzan bizi zen emakume batek egoitzari utzi dion herentzia da hori; udal egoitza denez Udalak berak jaso du jaraunspena.

Isabel izena zuen zendutako lagunak, eta oinordeko zuzenak ez zituenez, duela hamar urte inguru erabaki zuen San Prudentzio erresidentziari utziko zizkiola Trebiñun zituen lurrak eta aurreztuta zuen dirua.

Hartara, bost zereal lurzoru jaso ditu Gasteizko Udalak; 8.611,96 euroko balio katastrala dute sail horiek. Halaber, 204.581,32 euro jaso ditu emakumeak kutxa batean zuen fondo batetik, eta beste 4.620 euro bankuko kontu batetik. Gasteizko Udalaren arabera, egun ez da lehen bezain ohikoa udalei herentzia ematea. Izan ere, Gasteizko udal inbentarioan esate baterako, soilik agertzen dira hamaika lursail eta baratza bat. Bestalde, San Prudentzio erresidentziaren lana nabarmendu dute udal agintariek. "Herentzia San Prudentzio zaharren egoitzaren lanaren eta kalitatearen adierazgarria da". 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa