Udalak aurkeztutako Zerbitzuen Trantzisiozko Hitzarmen Orokorra lortzeko "presionatu" nahi izan du alkateak dimisioa aurkezteko keinuarekin. Azkenik, Burgosko Diputazioarekin beste mota bateko hitzarmen bat negoziatzea proposatu du Arabako Aldundiak, eta aste honetan jaso nahi du Udalaren oniritzia.
Arabatik eta Gaztela Leondik antzematen zuten "blokeoa" apurtzeko "botere hutsunea" sortu nahi izan dute Trebiñuko Udaleko taldeek, Argoteren esanetan. Aurreikusita zuten alkatearekin batera alkateordeak uko egingo ziola karguari; Ignacio Portilla buru duen talde independientearen (AEICT) bi zinegotzi, baita EAJkoa eta EH Bildukoa ere prest agertu ziren kargu horiek ez hartzeko. Haatik, beste talde bateko zinegotzi batek (Condado para todos) alkate kargua hartuko zuela esan zuen, eta azkenean atzera egin behar izan zuen Argotek, eta dimisioa erretiratu.
Ondorioz, alkateak berak esan duen bezala, zerotik hasi behar dira. "Orain hasi behar gara berriro hitzarmenari buruz hitz egiten. Arabako Diputazioak beste mota bateko hitzarmena eskaini digu, eta eskatu digu Burgosekin negoziatzeko aukera ematea".
Kezka agertu du Argotek, Udala gobernu gabe uzteko plana zapuztu ostean "tirabirak" sortu direlako. Halaber, eszeptikoa da Arabako Diputazioak egin duen proposamenarekin. "Haiek negoziatuko dute hitzarmen bat, urte baterako, eta Burgosi exijituko diote ordaintzeko ematen ez dituen zerbitzuen kostua; lurraldetasunaz ez badute hitz egin nahi bederen ordaintzea. Burgosek onartuko duen esperantza handirik ez dut".