Europako harrobi-egitura handiena induskatzen ari dira, Trebiñun

Estitxu Ugarte 2016ko uzt. 23a, 13:30
Pozarrateko harrobia, Trebiñun. E.U.

Araikoko mendatean, Pozarrate izeneko eremuan, Neolitoko meatzariek ustiatu zuten silex harrobi bat induskatzen ari dira.

 

Ez da aztarnategi arrunta ezta ikusgarria ere. Pozarraten ez dago eraikinik, ez dago etxerik, ez da La Hoya edo Iruña Veleia, silex harrobia da, hondakindegia hobe esanda; eta harrobia lurperatzen duten sedimentu guztiak kentzeko lanean ari dira hilabete honetan arkeologoak, ikasleak eta geologoak. 

Harrobiaren aurrealdea agerian utzi nahi dute, bost metroko altuera izan dezakeen egitura, eta halaber  silex zatiak eta erauzketa erramintak berreskuratu. Dagoeneko milaka silex zati, ofita mazoak eta orein adar bat atera dituzte bertatik.

Europako handiena

Indusketa lan hau etorkizun handiko eta epe luzeko egitasmoaren zati bat da, Trebiñu eta Berantevilla artean dagoen Neolitoko Europako harrobi-egitura handienaren azterketaren lehen urratsa, hain zuzen. Hogei kilometro koadro okupatzen dituzte Araiko eta Kutxo mendien artean sakabanatutako harrobiek, zangek, eta silex ateratzeko Neolitoko gizakiek eraiki zituzten egiturek. Harrobien egiturarekin batera inguruko beste aztarnategiak ere ikertu nahi dituzte, alegia Neolitokoen herriak. 

Murrizketak medio, urte luzez egon dira modu prekarioan lanean ikertzaileak, baina hiru urteko finantzaketa erdietsi berri dute, eta Trebiñuko silex harrobiak induskatzeko lanari eutsi dio indarberrituta Andoni Tarriño Gizakiaren Eboluzioaren Ikerketa Zentroaren (CENIEH) geologoak.

Hemeretzi lagunek osatutako talde bat eratu du Tarriñok EHUko eta CENIEHko ikertzaileekin batera. Finantzaketa nagusia Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministeriotik jaso dute. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak dirulaguntza gehigarria eman die Berantevillako lurretan egingo diren ikerketak laguntzeko, izan ere Araikoko mendatea nagusiki Trebiñun dago baina zati bat, %10 inguru, Berantevillan dago, eta hor ere harrobiak daude. Trebiñuko Udalak ere Ibita bekaren bitartez egitasmoa lagundu du, eta ostatua eman dio Pozarraten dagoen taldeari, Francoko etxebizitza batean.

Aztarna ikusezinak

Araiko, Grandival, Ozana eta Trebiñu herriak zeharkatzen dituen mendatean historiaurreko ehunka harrobi daude, eta milaka tona lur azpian daude, ikusezin. "Antzinako aztarnak direnez, paisaiarekin mimetizatu egin dira, eta ez da erraza antzematea, badira arkeologoak hemen egon direnak prospekzioak egiten eta ez dute ezer ikusi",nabarmendu du Tarriñok. 

Gaineratu duenez, Kantaurialdean Neolitoari buruzko datu gutxi dago:  "Ezagunagoa da Paleolitoa, kobazuloak daudelako, eta bertan ikertu da gehiago, baina Neolitoko herriak eta egiturak aire librean daude, eta zailagoak dira aurkitzeko".

 Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 70. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide