Azukre-erremolatxa kontratatzeko kanpaina amaitu berri dute nekazariek, eta balantzea egiteko garaia da. UAGA Arabako nekazarien sindikatuak datu kezkagarriak utzi ditu mahai gainean. Trebiñun, azukre-erremolatxaren 30 hektarea landatuko dituzte bakarrik, eta aurreko kanpainan 115 landatu zituzten; hortaz %73ko murrizketa egon da laborean. Gainera, azukre-erremolatxa landatzen duten ustiategien kopurua ere nabarmen murriztu egin da, sindikatutik salatu dutenez.
UAGAk ohartarazi du joera berdina antzeman dutela Arabako gainerako herrietan. 2015-2016 kanpainan sindikatuko nekazariek 1.477,40 hektarea landatu zituzten, eta aurten, berriz, 1.325,71 bakarrik. Hala, ustiategien kopuruak behera egin du, 143 izatetik 116ra pasatuko baita.
Laborearen kontratazioaren zenbatekoa, halaber, urtetik urtera jeisten joan da. Aurreko kanpainan %2,9 jaitsi zen Araba osoan, eta duela bi urte %9. Haatik, orain arte ustiategien kopuruari eutsi ahal izan dio UAGA kolektiboak.
Prezio baxuak
Sindikatuak gogoratu du garai batean Araban 3.000 hektarea azukre-erremolatxa landatzen zirela eta 450 ustiategi zeudela, oso lurralde egokia baita labore honetarako. Baina, Miranda de Ebroko Azucarerak eskaintzen dituen "prezio baxuek" nekazariak uxatu dituzte. "Duela hamar urte 48 euro ordaintzen zuten tona bakoitzeko, eta egun 29 eta 34 euro artean ordaintzen dute, eta produkzio kostuak, berriz, %10 igo dira", azaldu dute.
Beste alde batetik, UAGAren arabera, aurten, eguraldia dela eta, produkzio txikiak espero baitituzte ereintza atzeratu egin delako, eta "azukre-erremolatxak ez du errentagarritasun nahikoa bermatzen".
UAGAk kritikatu du industriaren zenbait foroetan azukre-erremolatxa landatzea sustatzen ari diren bitartean, nekazariek ikusten duten errentagarritasun eskasak laborea baztertzea bultzaten duela. "Sektoreak begi onez ikusten ez duen Akordio Interprofesionalak, prezioek, eta 2017. urtean etorriko den kuoten liberalizazioak kolokan jarriko dute azukre-erremolatxaren sektorea", adierazi du nekazarien sindikatuak.