Ikerketa beka konderriaren kulturan sakontzeko

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2016ko api. 7a, 14:22
Argantzun herria, Trebiñuko Konderrian

Ibita Institutuak atera du. Bekadunak 3.000 euroko diru sarrera izango du hamabi hilabeteko epean Trebiñuko edozein arlori buruz ikertzeko. 

 

Trebiñuko Ikerketen Institutuak –Ibita– lehen aldiz atera du konderriari buruz ikertzeko beka deialdia. Gonbidapena da eskualdearen edozein arlori buruz ikertzeko: historia, kultura, natura, hizkuntza, geografia, ekonomia...   3.000 euroko partida zuzenduko dute bekadunak hamabi hilabetean egin behar dituen lanak finantzatzeko. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 15ean itxiko dute. 

Unibertsitateko tituludunei edo unibertsitateko ikasleei zuzendutako ikerketa beka da, eta norbanakoei edo talde bati eman dakioke. Ikerketak bete behar dituen baldintzen artean daude, besteak beste,  Trebiñuko berezko edozein hizkuntzatan idatzita aurkeztu behar dela, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta ikerketa lana jatorrizkoa eta inoiz argitaratu gabea izan behar dela. 

Proiektuak baloratzeko orduan irizpide nagusia egitasmoak Trebiñuko kulturaren esparruan eragin dezakeen interesa da. Halaber, maila berean baloratuko dira proposatutako metodologia, Trebiñuko kulturari buruzko gaietan aritu izana, espediente akademikoa, eta beste zenbait meritu izatea, hala nola bekak, sariak, edo argitalpenak.

Lehenbiziko aldia da Trebiñun beka deialdia egiten dutela kulturan sakontzeko. Izan ere, Ibita Trebiñuko ikasketen institutua ere erakunde berria da. Andoni Llanos, Ricardo Garai eta Roberto Gonzalez de Viñaspre dira Ibitaren fundatzaileak eta ikerketa bekaren sustatzaileak. 

Llanosek azaldu duen bezala, hirurek dute Trebiñurekin harremana eta bertan bizi dira, eta hirurak aritu dira azken urteetan konderriko arloren bat ikertzen. Eskualdean "badagoelako zer ikertu eta zer landu" erabaki zuten orain dela urte bete baino gehiago Ibita institutua martxan jartzea. 

Llanosek zehaztu duen moduan, "institutuaren sustraia Trebiñu udalerriaren sorreraren 850. urtemuga ospatzeko 2011. urtean egin ziren kultur jardueretan dago". Ordutik Trebiñuko kultura sustatzeko asmoa buruan ibili dute fundatzaileek, eta iaz hasi ziren erakundea sortzeko tramite burokratikoekin. Llanosek azaldu duenez, Ibita izena jarri diote institutuari Ihuda ibaiaren antzinako izena delako, "eta aspaldian Trebiñuri Ibitako lurrak esaten ziotelako".

Trebiñuko Udalaren menpeko institutua da Ibita, eta egin duen lehenengo urratsa da ikerketa beka ateratzea, "institutua bera ezagutarazteko balio izango du", nabarmendu du Llanosek. Dena dela, aurrerantzean ekimen gehiago abian jartzeko asmoa dute Ibitako kideek, besteak beste, aldizkari bat argitaratzea aztertzen ari dira une honetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide