alea.eus

Gaztelari planto, eta zergak bere kabuz bilduko ditu Trebiñuk

Itsaso Estarrona 2016-03-02 10:00   Politika  Trebiñu  Trebiñu

Burgosen esku utzi ordez, Konderriko Udalak egingo du diru-bilketa, enpresa pribatu baten bidez.

Gaztelari planto, eta zergak bere kabuz bilduko ditu Trebiñuk
Arabako Aldundiak ez ditu Trebiñuko zergak bilduko, baina Aldundiak zerbitzua ordainduko du. Argazkia: Mikel Uralde | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaztelari aurre egiteko bideari eutsi dio Trebiñuk. Juntari planto egin, eta zergak bere kabuz biltzeko erabakia berretsi zuen Konderriko Udalak pasa den ostiraleko Osoko Bilkuran.

Abenduaren 18an hartu zuten erabakia: bertako zerga-bilketa Burgoseko Diputazioak egiten jarraitu beharrean, Udalak berak egiteko akordioa egin zuten orduan; diru-bilketa egiteko, enpresa bat kontratatzea adostu zuten, baita enpresa aukeratzeko lehiaketa martxan jarri ere. Handik gutxira, ordea, Gaztelaren erantzuna iritsi zen: erabakia baliogabetzeko eskatu zion Juntak Udalari, duela bi aste bidalitako agindu batean. Izan ere, "legea urratzen duela" deritzo. 

Hamabost egunetan, kontratu berria

Bestelakoa da Konderriko ordezkarien gehiengoaren iritzia: udal gaietan "esku hartzea" leporatu diote Juntari, eta aurrera egingo dutela jakinarazi. Hori bai, diru-bilketaz arduratuko den enpresa aukeratzeko lehiaketaren baldintzak berridatziko dituzte, aurreko agiriak "akats juridikoak" zituelako; besteak beste, ikuskaritza lana egitea aurreikusten zuen, eta horrek Udalaren eskumenak gainditzen ditu, Ernesto Argote alkateak aleari azaldu dionez. Hamabost eguneko epea eman zioten ostiralean Udalaren Idazkariari baldintza-agiri berria idazteko. Ondoren, euren eskaintza aurkeztera gonbidatuko dituzte aurreko lehiaketan parte hartu zuten hiru enpresak. 

Zerbitzuaren kostua Arabako Diputazioak hartuko luke bere gain, Ernesto Argote alkateak adierazi duenez: "Ez dugu idatzizko erantzunik, baina bai ahozko konpromisoa".

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa