Charles Chaplinek Trebiñuko pilotalekua bisitatuko du asteburuan

Mirian Biteri 2016ko ots. 12a, 08:51

El Cerro elkartearen eskutik, inauteriak ospatuko dituzte larunbatean; desfilea, txokolate jana eta dantzaldia izango dituzte.

 

Arabako gainerako herrietan dagoeneko ahaztuta dituzte inauteriak. Pasa den asteburuan mozorrotu ziren toki gehienetan, herri batean izan ezik: Trebiñun. Larunbatean, otsailak 13, egingo dute han mozorroen festa. 

Ez da aurtengo berezitasuna; urtero egiten den zerbait baizik. Arrazoia: "Saltsa guztietan egotea gustatzen zaigu. Jende asko bestelako herrietan ere mozorrotzen da; esaterako, gure artean badaude Gasteizen mozorrotzen direnak eta karrozetan egoten direnak. Aldi berean bi tokitan ezin garenez egon, Trebiñun hurrengo asteburuan egitea erabaki zen bere garaian", azaldu du Trebiñuko El Cerro elkarteko kide Marisol Lopezek.

El Cerroko lagunak dira eguna antolatzeaz arduratzen direnak, Trebiñuko Batzar Administratiboaren eta Udalaren laguntzarekin. Lopezek gogorarazi du "betidanik" ospatu izan direla inauteriak Trebiñun: "Ni hamahiru urte nituela heldu nintzen Trebiñura, eta betidanik ezagutu ditut inauteriak". 2003. urtean elkartea sortu zenean zeregin horri eutsi zion. 

Arratsaldean, mozorroen desfilea egiten da pilotalekuan. Amaitzean, han biltzen direnen artean txokolatea banatzen da eta umeei goxokiak ematen dizkiete. Horren harira, Lopezek aipatu du ez dutela sariak emateko baliabiderik. 

Dantzaldia dator jarraian, disko jartzaile baten eskutik. Hasierako urteotan, herri afaria ere antolatzen zen egun horren bueltan, baina gaur egun, bakoitzak bere kabuz afaltzen du; eta amaitzean, pilotalekura bueltatzen dira, dantzaldiak gaueko ordu txikira arte jarraitzen du eta.

Gaia aldatzen 

Bestalde, mozorroen gaia ere aldatzen dute urtetik urtera El Cerro elkartekoek. Aurten, Charles Chaplin bezala jantzita joatea proposatu dute. Lopezek gogorarazi du mozorroa librea dela, eta batzuk aurreko asteburuan erabilitako jantzi bera eramaten dutela Trebiñun; baina, askok Charles Chaplinen jantziarekin irtengo direla larunbatean kalera. 

Esan bezala, 2003. urtean sortu zen El Cerro elkartea, Trebiñuko konderrian askotariko ekintzak antolatzeko. Inauteriak eta Lardero Egunaz gain, Gabonetan ume eta helduentzako ekimenak ere egiten dituzte. Horrez gain, urtean zehar, haurrentzako asteburu osoko edo eguneko irteerak eta Eulien azoka antolatzen dituzte, beste kontu askoren artean. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide