Udaberriarekin batera, natura eta ondarea uztartzen dituzten hainbat ibilaldi gidatu antolatu izan ditu azken urteotan Mendialdeko Kuadrillak. Aurten, igandean, martxoaren 12an, emango diote hasiera irteera sortari; Ihuda errekaren goiko arroko haitzulo artifizialak ikusteko aukera izango da egun horretan.
Lehenengoa baino ez da izango kobazuloena; apirilaren 30era arte, beste sei antolatu dituzte eta. Martxoaren 19an, Igoroingo sakana bisitatuko dute parte-hartzaileek; eta hilaren 26an, berriz, Okinago haitzartea.
Apirilerako lau ibilaldi ditu prest eskualdeko kuadrillak. Apirilaren 2an, Izkiko parke naturalean dauden urmaelak, ameztia eta erkidegoak ezagutu ahalko dira; eta apirilaren 14an, Ostiral Santua, itzulia antolatu dute Soila menditik.
Handik bi egunera, Antoñanatik Vasco Navarro bide berdetik Aguaque inguruneraino doan irteera gidatua egiteko aukera izango da; besteak beste, ur-jauziak ikusiko dituzte bisitariek. Apirilaren 30ean, azkenik, Done Bikendi Harana eta Santa Teodosia baseliza lotzen dituen ibilaldia izango da.
Plaza mugatuak
Mendialdeko Kuadrillatik jakinarazi dute irteera guztiak 10:00etan hasiko direla leku ezberdinetatik, eta hiruzpalau orduko iraupena izango dutela. Horrekin batera, gogorarazi dute plaza mugatuak direnez, aurretik eman behar dela izena Kuadrillaren egoitzan, 945-40 54 24 telefono zenbakian, edo info@montanaalavesa.com helbide elektronikoan.