alea.eus

'Errementari' filma grabatzen hasi dira Korres, Antoñana eta Kanpezun

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2016-12-16 06:00   Kultura  Mendialdea

XIX. mendeko herrixka bat girotu dute Korresen eta Antoñanan; Karlistaldiaren pasarte bat Kanpetzu eta Oteo artean.

 

'Errementari' filma grabatzen hasi dira Korres, Antoñana eta Kanpezun
'Errementari' filmaren grabaketa Korresen. Arg:PAUL URKIJO | Ikusi handiago | Argazki originala

Paul Urkijo zuzendari eta gidoilari gasteiztarraren Errementari filma grabatzen hasi dira aste honetan Mendialdean; Korresen egon da ekipoa astelehenean, Antoñanan asteartean, eta Kanpezuko Pierola komentuko hondakinetan azken bi egunetan. Urkijok azaldu duenez, Korresen eta Antoñanan girotu dute liburuan agertzen den XIX. mendeko herrixka bat eta pertsonaiak."Kanpezu eta Oteo artean dauden hondakinetan karlistaldian girotutako sekuentzia bat grabatzen ibili gara".

Zinemagilearen esanetan "jo eta fuego" ari dira lanean, oso denbora gutxi baitute lana osatzeko. Izan ere, grabazioak hilabete eta erdi iraungo du, eta Euskal Herriko hainbat tokitan egingo da. Arabatik Bizkaira mugituko dira; han Muskiz eta Ubiden kokatuko da grabazioa, eta Gipuzkoan, berriz, Aizpurutxo, Itsaso eta Agorregin egingo dute lan. 

XIX. mendeko euskara

Errementari Urkijoren estraineko film luzea da. Zuzendari gasteiztarraren lanak Jose Miguel Barandiaranek 1903an idatzitako Patxi Errementaria ipuinean oinarritutakoa da, eta hainbat berezitasun ditu. Batetik, genero fantastikoaren aldeko apustua, eta euskal kutsu folkloriko eta historikoa du. Bestetik, euskara hutsean grabatuko da, eta Araban hitz egiten zen euskalkia berreskuratuko du. 

Zehazki, XIX. mendean Araban hitz egiten zen euskara da erabiliko duena. Euskalki hori berreskuratzeko eta ulergarri egiteko, Koldo Zuazo hizkuntzalari eta ikertzailearen laguntza jaso du Urkijok. Arabako euskara liburuaren egileak euskalki horren ibilbide historikoa eta egungo euskararekiko duen aldea aztertu ditu, Gorka Lazkano itzultzailearen laguntzarekin.

Urkijok azaldu bezala, txikitan haren ipuin gogokoena zen Patxi errementaria eta betidanik egin nahi izan du filma bat. "Errementari zital bati buruzko baserri giroko ipuin bat da, gizona hain da gaiztoa deabruek ere beldur diotela". Mitologia eta kondairen zale sutsua da Urkijo, eta lau urte daramatza proiektu honekin lanean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa