Aterpea egiteko laguntzak eskatu dituzte Kanpezun

Mirian Biteri 2016ko urr. 31a, 07:00

Kanpezu aldean lo egiteko eskaintza urria dela eta, aterpea egiteko asmoa azaldu du Udalak. Santikurutze Kanpezuko maisuen etxe zaharreko eraikina erabili nahi dute azpiegitura berria egiteko.

Kanpezuko alkate Ibernalo Basterrak azaldu du udaberrian prestatu zuela Javier Lizaso udal arkitektoak horren gaineko proiektua, eta dagoeneko eskatu egin direla hori martxan jarri ahal izateko laguntzak. Hain justu ere, lehen fasean eraikinaren kanpoaldea berritu nahi dute, eta energia-eraginkortasuna hobetu; lan horien aurrekontua 227.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusita dago txostenean.

Udaletik adierazi dutenez, dagoeneko 15 urte daramatza esandako eraikinak hutsik, eta ondorioz, egoera txarrean dago; inpermeabilizazioa eta isolamendu termikoa eskasa da. Hortaz, ezinbestekoa da konpontzea. Hasiera baino ez da izango hori; bigarren fase batean, barrualdea konpondu nahi dute.

Turismoa sustatzea

Basterrak azpimarratu du Kanpezuk aterpea behar duela: "Askotariko erabilera izango luke azpiegiturak; kontuan izan behar da ignaziotar bidea igarotzen dela bertatik, eta horrek turismoa eragiten duela. Bestetik, barnetegi bezala erabiltzeko aukera ere egongo litzateke". Eraikinaren kokagune aproposa ere nabarmendu nahi izan du, autokarabana gunetik eta kiroldegitik gertu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide