Auzolanean tokiko ondarea berreskuratzen

Mirian Biteri 2016ko urr. 21a, 09:57

Egitasmo erakargarria jarri dute martxan aurten Arraia-Maeztun: auzolanen bidez udalerriko herri ezberdinetako ondarea berreskuratzea eta denon begi bistan uztea. Harrera ona izan du proiektuak.

Dagoeneko hiru tokitan egin dute lan, eta, datozen egunotarako ere hainbat hitzordu dituzte aurreikusita. Gaur, ostirala, adibidez, Atauriko errotara joango da berriro ere herritar taldea.

Ondareari dagokionez, aberatsa da oso Araba. Edonon aurkitu daitezke baseliza edo errota zahar baten aztarnak. Arraia-Maeztun jabe dira horretaz eta herri ezberdinetako arrasto horiek berreskuratzeko eta denon begi bistan uzteko saiakera jarri dute abian. Anartz Gorrotxategi alkateak honakoa adierazi du: "Udalerrian ondare asko dago eta hori berreskuratzeko diru-laguntzak badaude ere, ez Foru Aldundiak ez eta Eusko Jaurlaritzak ere ez dute diru nahikorik horri denari aurre egin ahal izateko".

Raul Leorza arkeologo kanpezuarrarekin bat egin zuen alkateak, pasa den uztailean, Korresko San Ildefonsoko asfalto lantegian egindako auzolandegian. Horren emaitzak ikusita, udalerritik zehar sakabanatuta dagoen askotariko ondarean "esku-hartze txikiak" antolatzea pentsatu zuten.

Arraia-Maeztuko Udalaren eta administrazio batzarren arteko elkarlana hasi zen orduan. "Elementu txikiak eta handiak" bezala ezagutzen direnen berreskuratze programa garatzea adostu zuten denen artean; hain justu ere, garai batean garrantzia izan zuten eta gaur egun egoera txarrean edo ahaztuta dauden eraikinak edo guneetan lan egitea da egitasmo horren helburu nagusia. Udalak obren zuzendaritza gastuei aurre egiteko konpromisoa hartu zuen, eta horretarako, 3.000 euroko partida berria sortu zuen aurtengo aurrekontuetan. Herrietako administrazio batzarrak, berriz, auzolana antolatzeaz arduratuko ziren.

Esan bezala, asmatu egin dute. Orain arte egindako auzolanek oso harrera ona izan dutelako.

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 79. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide