"Hazkunde jasangarria" helburu duen hirigintza plan berri bat du Kanpezuk

Naiara Lpz de Uralde 2016ko urr. 20a, 11:50
Kanpezuko aparkalekuak eta Urbisun kirol pista bat egitea aurreikusten ditu planak, besteak beste.

Udalerrian eraiki behar diren etxebizitzen muga jarri eta ibilbide berdea indartzea ditu lehentasun egitasmoak 

 

Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza sailak hiri antolamendurako plan orokorra onartu du Kanpezuko udalerrirako. Plan berria orain indarrean dauden 1999. urteko arau subsidiarioen ordez ezarriko dute eta, besteak beste, udalerrian 670 etxebizitza  eraikitzeko aukera ezartzen du egitasmoak. 

Hiri guneen antolamenduari dagokionez, natura ingurunea "zaintzea" oinarri duen lurralde eredu baten alde egiten du planak, ahal den neurrian lurzoru gehiago okupatu gabe. Josean Galera hirigintza eta ingurumen diputatuaren hitzetan, "hirigintza eta eraikuntza parametro berriak ezarriko dira hirigintzako legedia berrira egokitzeko".

Hala, Santikurutze Kanpezun 486 etxebizitza berri egiteko aukera egongo da. Agiriak jasotzen duenez, hirigunea handitzen bada etxeak familia bakarrekoak eta bakartuak, familia bikoak zein atxikiak izan beharko dira. Gainera, nekazaritza biltegiak egiteko aukera ere egongo da.

Gainontzeko herriguneei dagokienez, Antoñanan, Oteon, Urbisun eta Bujandan, beste 184 etxebizitza eraikitzeko aukera ezarri dute. Antoñanako kasuan, esate baterako, 66.039 metro koadroko azalera duen lurzoru urbanizagarri batean 42 etxebizitza eraikitzeko aukera egongo da.

Bestalde, Kanpezu bezalako udalerri batean legeak behartzen ez badu ere, agiri honetan esandakoaren arabera, babes ofizialeko 36 etxebizitza egin litezke, babes publikoko etxebizitzak eskaini edota egon litekeen eskariari erantzuteko.

Kanpin berria

Mendialdetik barrena pasatzen den Vasco-Navarro trenbidearen ibilbide berdeak turismo arloan duen garrantzia kontuan hartuz, bestalde gizartea eta ekonomia garatzeko faktore gisa erabili nahi dute. Helburu horretarako, 66.200 metro koadro dituen kanpin bat eraikitzea proposatu dute, ibilbide berdea egiten duten edo inguruko natura guneetan zehar ibilaldiak egiten dituztenei zerbitzu berezia eskaini ahal izateko. 

Gainera, Bujanda eta Oteoko herriguneak nekazaritza eta turismo espezializaziorako gune gisa finkatuko dituzte; eta aldiz, Antoñana eta Urbisuko herriek arkitektura arloan eta historikoki duten balioa kontuan hartuta, ondare garrantzitsua duten eremuak bezala babestuko dituzte. 

Zerbitzu berriak

Ekipamenduei dagokionez, plan honek zerbitzu berrien eraikuntza ere aurreikusten du. Horien artean, besteak beste, Kanpezun aparkalekuak sortu edota adinekoen egoitza handitzea, Antoñanan pilotalekua eraikitzea, edo Urbisun kirol pista bat egitea aurreikusten dute. 

Bestalde, plan orokorreko historia eta arkitektura ondarearen katalogoak aitortutako monumentu gisa hartzen ditu Antoñanako harresiaren  monumentu multzoa eta Kanpezuko eliza. Aipamen berezia egin behar zaio, halaber, Kanpezu, Antoñana eta Urbisuko herrigune historikoko eremuen mugaketari; birgaitze plan bereziaren bidez garatuko dira lan guztiak, toki bakoitzaren zaharberrikuntza eta haien balioa sustatzeko helburuarekin.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide