Artzainek egindako urteetako lana gogoan izan dute Izki parkean

Naiara Lpz de Uralde 2016ko urr. 5a, 10:00
Parte hartzaileek Durruma Kanpezuko Santuaren Haitzetaraino igo ziren.

Joan den ostegunean egindako ekitaldian Mendialdeko etnografoa den Isidro Saenz de Urturik ere parte hartu zuen.

 

Arabako Mendialdeak duen ezaugarri geografiko eta klimatikoak direla medio, bertako herri gehienen diru iturri nagusia basoen eta larreen ustiapena izan da urteetan. Mendi komunitateetan oinarritutako antzinako antolaketa egiturek luzaroan iraun dute Izkin, eta urtero dituzte horiek gogoan; San Migel egunarekin bat, artzainei omenaldia egiten diete.

Lurren jabetza pribatua lehenesten duen nekazaritza kultura alboratuz, lurzoruak erkidegoarenak eta publikoak izatearen alde egin zuten. Modu horretan, lurraldearen antolamenduaren oinarrizko egitura etxea edo sutondoa zen, eta etxe bakoitzetik kide bat joaten zen herriko kontzejura lurren ustiapenari buruzko erabakiak hartzera.

Aurtengoa Izkin Artzai Erkidegoen Eguna ospatzen den bosgarren aldia izan da. Jaia 2009. urtean egin zuten lehendabizikoz, eta geroztik bi urteetan behin ospatzen jarraitu dute. Oraingo honetan inguruko 45 lagunek hartu dute parte ekitaldian, horien artean Isidro Saenz de Urturi, Lagranen jaiotako etnografoa.

Ekintzez beteta

Goizean goizetik eskualdeko herritarrak jaso eta 09:00etan heldu ziren, joan den ostegunean,  Korresen prest zuten ekitaldira. Parketxeko interpretazio zentroan harrera egin zieten, eta bertan egunean zehar egingo zituzten ekintzen nondik norakoak azaldu zizkieten.

Ostean, partaideek berriz ere autobusa hartu zuten Durruma Kanpezu herriraino abiatzeko asmoz. Bertan, Saenz de Urturiren ondare kulturalaren ezagutza sakonaren gidaritzapean, santuaren haitzetaraino igo ziren hiru orduko ibilbide baten ostean. Ondoren, beste bide desberdin batetik jaitsi eta berriz ere Korresera abiatu ziren. 13:00ak aldera, partaideek bertako produktuez osaturiko hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan zuten. 

Diru faltagatik aurtengo egitarauan aurreko urteetan baino ekintza gutxiago egiteko aukera izan bazuten ere, jendearen "harrera onarekin" oso pozik daudela aitortu du Leire Dueñasek, Izki Parkeko Jendaurreko Zerbitzuaren arduradunak. "Gainera, parte hartzaile gehienak nagusiak direnez eta autoa hartzeko abagunerik ez dutenez, oso pozik egon dira bere lagunak ikusteko aukera izan dutelako", azaldu du Dueñasek. Hori dela eta, antolatzaileek datozen urteetan ere gorazarre hau ospatzen jarraitzeko prestutasuna adierazi dute.

Gorazarre honek inguruko herrien memoria historikoa berreskuratzea, herrien garapen sozioekonomikoa suspertzea eta identitate kolektiboa bultzatzea du helburu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide