alea.eus

Martxa onean doaz Bide Berdea egokitzeko lanak Antoñana pareko zatian

Mirian Biteri 2016-09-23 09:47   Gizartea  Mendialdea  Kanpezu

Hilabete barru amaituko dituzte bideari segida emango dion lotura zatiko obrak.

Uztailean hasi zituzten Vasco-Navarro trenaren Bide Berdea, Antoñana herrian zehar igarotzen den tartea, egokitzeko lanak. Hain justu ere, interpretazio zentroaren inguruan dagoen bideari kilometro bateko jarraipena emango dion lotura zatia da Campezo Obras y Servicios enpresako langileak hilabeteotan egokitzen ari direna.   

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailetik jakinarazi dutenez, martxa onean doaz esandako obrak, eta, aurreikuspenak betetzen badira, urriaren amaierarako bukatuta egon beharko lukete.

Egokitzapen lan horiek bide berdearen zatia konponduko dute; gaur egun txirrindulariek eta oinezkoek A-3136 errepidea zeharkatu behar dute bertan, horrek dakarren arriskuarekin. Diputazioak eskainitako datuen arabera, urtean 20.000 txirrindularik eta oinezkok erabiltzen dute bidea.

13 metroko pasabidea

Aldi berean, bidea eta Antoñana herria lotuko ditu ––orain arte ibilbidetik bakartuta egon da–, gurpil aulkietarako egokitutako 13 metro luzeko pasabide baten bidez.

Garai bateko Vasco-Navarro trenaren Bide Berdeak Araban zehar dituen 62 kilometroek lurraldean bisitari gehien duen ibilbide berdeetako bat osatzen dute. Eta, hain justu ere, Antoñanan dagoen Trenico zaharraren interpretazio zentroa da arrakasta gehien duena. Pasa den urtean, 20.167 lagunek erabili zuten bide zati hori; horietatik %73,5 txirrindulariak ziren.

Obrek 213.475 euroko aurrekontua dute; %50ean Europako funtsekin finantzatuta daude.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa