Isaac Puente mediku anarkista gogoratu dute, hilketaren 80. urteurrenean

Erredakzioa 2016ko ira. 1a, 16:01
Bere izena duen plazan omenaldia egin diote Isaac Puenteri. /Alea

Maeztun bere izena duen plazan omenaldia egin dio EH Bilduk; 1936an hil zuten, eta oraindik ez da haren gorpurik agertu.

La Paz espetxetik desagertu zela 80 urte betetzen diren egunean, Isaac Puente mediku anarkista gogoratu du EH Bilduk, Maeztun bere izena duen plazan egindako omenaldi batean. Bertan atxilotu zuten 1936ko uztailaren 28an eta La Paz espetxean zela handik atera eta epaiketarik gabe hil zuten. Mediku anarkista, CNTko militante esanguratsua izan zen eta, besteak beste, El comunismo libertario idatzi zuen. Haren gorpua ez da agertu oraindik.
 
"Gaur Isaac Puenteren memoria aldarrikatu nahi dugu, eta berarekin batera egun Araban desagertuta jarraitzen duten guztiena. Horrez gain, hildako guztiak, heriotza zigorra aplikatu zieten guztiak eta beste errepresio mota batzuk pairatu zituzten milaka arabarrak", gogoratu du Kike Fernandez de Pinedok, Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaileak. Harekin batera, Legebiltzarreko, Batzarretako, Gasteizko eta Maeztuko Udaletako EH  Bilduko ordezkariak ere egon dira.
 
1936ko uztailetik 1945eko apirilera 300 pertsona hil zituen errepresioak eta oraindik zigorrik gabe jarraitzen dute, EH Bilduk gogoratu duenez. Horien artean, Teodoro Olarte eta Teodoro Gonzalez de Zarate, Arabako goi karguak, 1936ko irailaren 17an atxilotu zituzten; Olarte hurrengo egunean fusilatu zuten Mirandan, eta Gonzalez de Zarate Azazetan hilabete batzuk beranduago. Euren lana eta pertsona goratzeko hurrengo egunetan EH Bilduk ekinaldi insituzionalak aurkeztuko dituela iragarri dute.
 

                                

                        

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide