Kanpezuko umeek urteroko jaialdia dute larunbatean

Mirian Biteri 2016ko mai. 19a, 09:54

Mendialdea IPI ikastetxeko guraso elkarteak larunbaterako egun osoko festa antolatu du bosgarrenez.

Kanpezuko Mendialdea IPI ikastetxeko urteroko jaialdia izango da larunbatean, maiatzaren 21ean. Suziri jaurtiketarekin hasiko da egun osoa iraungo duen festa, 11:30ean; ikasturtean zehar eskolan egindako eskulanak ikusi ostean, batukada egingo dute herriko plazaraino umek zein gurasok.  

Herri bazkariaren ordua heldu bitartean, askotariko ekintzak izango dituzte bertan; tartean, bidezko merkataritzari buruzko ginkana, umeentzako zeramika tailerra edo Lehen Hezkuntzako ikasleek eta gurasoek Bigarren Hezkuntzako neska-mutikoen kontra jokatuko duten futbol partidua.

Guzti horren ondotik, 14:00etan, bazkaltzen hasiko dira toki berean 150 bat lagun inguru. Horren harira, jaialdia antolatzeaz arduratzen den guraso elkarteko kide Maite Fernandezek eskerrak eman nahi izan dizkio modu batean edo bestean bazkaria aurrera ateratzen lagundu duten herriko komertzio guztiei.

Bazkaldu ostean, malabare ikuskizunaz gozatu ahal izango dute festan parte hartzen dutenek eta gorputza astintzeko aukera ere izango dute haurrek nahiz helduek, 18:00etatik 20:00etara bitartean, plazan egingo dute disko festarekin. Aspertzeko astirik ez dute izango Kanpezun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide