Erabilgarri dago Kanpezuko autokarabanen gune berria

Mirian Biteri 2016ko mar. 12a, 09:00
KaixoKanpezu

Pasa den martxoaren 4tik edozeinek erabili dezake Santikurutze Kanpezuko autokarabanentzako eta furgonetentzako gune berria.

Oraingoz, ur garbia, ur beltzak kentzeko iturria, argia eta mahaiak topatuko dituzte erabiltzaileek. Kanpezuko Udaletik azaldu dute hasieran debalde izango dela sarrera, baina ingurunean zerbitzuak gehitzen joan ahala, Udalak ordainsaria ezartzeko asmoa duela.

Kirol instalazioen ondoan aparkalekua egokitzearekin batera, horren erabilera arautuko duen araudia ere prestatu du Udalak. Aparkaldiari dagokionez, ibilgailu horiek, gehienez, 72 ordu egon ahal izango dira aparkatuta toki berean; araudiak, dena dela, salbuespena aurreikusten du: Kanpezuko zaindariaren jaietan 96 ordu egon ahal izango dira aparkatuta.

Araudiaren arabera, erreserbatutako zonetan etxebizitza gisa katalogatutako ibilgailuak bakarrik aparkatu ahalko dira. Ohartarazi du kamioiak, karabanak edo turismoak bezalako bestelako ibilgailuak, ez badira etxebizitza gisa homologatu eta ez badaukate komunik eta erabilitako urak biltzeko biltegirik, ezin izango direla aparkatu.

Inguruko bizilagun eta erabiltzaileei zarataren ondorioz eragozpenik ez sortzeko, gunean autokarabanak sartzeko eta irteteko eta zerbitzuak erabiltzeko ordutegia ere finkatu du araudiak: 08: 00etatik 23:00etara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide