Korreseko gazteluaren eremu arkeologikoa Kultura Ondasun izendatu dute

Saioa Fdz. de Aranguiz 2016ko mar. 8a, 17:00
Korreseko gaztelua

Gorbeiako naturagunea ere Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu du Eusko Jaurlaritzak.

Arraia-Maeztuko Korreseko Gaztelua hartzen duen eremu arkeologikoa Kultura Ondasun (monumentu-multzo kategoriarekin) izendatzen duen dekretua onartu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak.  

Korresko Gaztelua hartzen duen Eremu Arkeologikoa Mendialdeako Korres herrian dago, Soila mendiaren tontorrean (Arraia-Maeztu udalerria). Gorengo aldean, gaur egun oraindik begiz ikus daitezkeen egiturak kontserbatzen dira. Erdi Aroko gazteluaren egiturak dira: nabarmentzekoak, uharka eta omenaldi-dorrea izan litekeena. Beherago, gotorleku honen babes-harresia osatzen  zuten beste egitura edo horma altu batzuk ere ageri dira. Mendebaldeko maldaren oinean berriz, eremu zabalago bat ixten duen babes-egitura bat ikus daiteke. Ziurrenik, haitzaren oinean eraikitako egitura honek gotorleku garrantzitsu baten babesean eratu zen herrixka hartu zuen bere barnean.

Aztarnategi honetan ez da landako arkeologia-indusketa lanik egin oraingoz, baina lurrazalean agerian dauden aztarna garrantzitsuek argi uzten dute eremu honek zer nolako interesa duen Goi Erdi Aroko kokalekuak hobeto ezagutzeko.

Eremuari eman zaion babes mailak, kontserbazio mailak, kontserbatu beharreko monumentua kaltetuko lukeen jarduerarik ez dela bertan burutuko bermatzen du, beti ere salbuetsirik, bertako egitura edo aztarnak sendotu nahiz zaharberritzera bideraturiko jarduerak, eremu honetan gizon-emakumeek iraganean izan zuten aktibitatea hobeto ezagutzeko lagungarri badira. Korreseko Gaztelua hartzen duen Eremu Arkeologikoan burutu beharreko edozein jarduerak Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko du.

Gorbeia, Kontserbazio Bereziko Eremu

Gaur goizean ere, Gorbeiako naturagunea Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu du Eusko Jaurlaritzak. Gorbeia bi aldiz da Naturagune Babestu; batetik, Natura Parkea delako, eta bestetik, Natura 2000 Sarearen barneko Kontserbazio Bereziko Eremua delako. Gainera, Itxinako Biotopo Babestuaren esparruan dago.

Eremu horretan Europako Zuzentarauan sartutako Batasunaren intereseko 27 habitat mota hauteman dira.  Bestetik, natura-balio eta ingurune-aniztasun handiko eremua da Gorbeia; baso naturalak, txilardi eta belardi menditarrak, harkaiztegiak, hezeguneak (Altubeko urmaelak, Saldropoko hezegunea, esfagnadiak) eta errekastoak daude. Halaber, Gorbeian flora-espezie batzuen habitatak daude eta zenbait ugaztunenbizilekua da, tartean, muxar grisa, lepahoria, ipurtatsa edo basakatua. Aldika, bisoi europarrak eta igarabak daude, baita narrastiak ere, tartean, apoarmatu istilzalea edota Schreiber muskerra.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide