Itxura berria du Arraia-Maeztuko liburutegiak

Mirian Biteri 2016ko mar. 4a, 08:00

Zerbitzua eten ez bada ere, obretan ibili dira azkenaldian Arraia-Maeztuko udal liburutegian. Areto erdian zegoen horma bat bota egin dute; lanak aprobetxatu dituzte zerbitzuaren berrantolaketa egiteko.

Bertako liburuzain Mamen Martinez de Apellaniz pozik dago aldaketarekin, eta, horren bueltan, aipatu du "liburutegi itxura" duela orain aretoak. Gaineratu du bezero bat baino gehiago joan egin zaiola iritzi berarekin.     

Gaur egun liburutegia dagoen tokian artxiboa zegoen lehen. "Logikoa denez, artxibo irudia zuen horrek; leku iluna zen. Konturatu ginen erdian zegoen aurrefabrikatutako horma botatzearekin asko lortuko genuela, eta horrela izan da; areto zabala eta argia da orain", azpimarratu du liburuzainak. Azken horren harira, nabarmendu nahi izan du herriko liburutegia "leiho ederrak" dituen eraikin "dotorean" dagoela, eta aukera hori aprobetxatu beharra zegoela. "Argitasun asko daukagu orain eta hori oso garrantzitsua da liburutegi batean", dio.

Hainbat txoko

Behin obrekin hasita, liburutegia berrantolatzeko ere aprobetxatu egin dute, aretoa hainbat txokotan banatuz: hain justu, umeena, irakurketarena, ikastearena eta ordenagailuena. Apalen bidez banatu izan dira txoko horiek.  Azken horiek ere aldatu dituzte. Lehengoak artxiboan zeudenak ziren; burdinazko apal altuak ziren. Liburutegi zaharrean zeuden egurrezko apalak berreskuratu dituzte, eta berriak erosi.
Urtarrilaren amaieran hasi ziren liburutegian lanean; dagoeneko hainbat liburu bere tokian jartzea baino ez dela falta adierazi du Martinez de Apellanizek. Datozen egunotan amaituko dute zeregin horrekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide