Kanpezuk kezka agertu dio Diputazioari udalerria jendez husten ari delako

Mirian Biteri 2016ko ots. 11a, 12:20

Bertako kezkak jakinarazi zizkioten joan den astean Arabako Foru Aldundiko buruei.

 

raingoan Kanpezuri tokatu zaio. Ramiro Gonzalez diputatu nagusia eta Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiordea Arabako udalerriak bisitatzen dabiltza, bakoitzaren errealitatea eta beharrak gertutik ezagutzeko asmoz, eta joan den astean, Santikurutze Kanpezun eman zuten goiza.  

Kaixoko udal gobernuko kideek agurtu zituzten udaletxeko atarian, eta jarraian, batzarra egin zuten eraikin barruan. Ibernalo Basterra alkateak jakinarazi duenez, bi erakundeen arteko "hartu-emana" izan zen ostiralekoa: "Udalerriaren errealitatearen eta premien berri eman genien eta baita esku artean ditugun proiektuena ere. Pozik gaude, jarrrera ona agertu zutelako; bide beretik goazela iruditu zitzaigun".

Udalerriaren egoeraren gainean, Kaixoko zinegotziak "arduratuta" agertu ziren Arabako beste zenbait tokietan bezala, Kanpezun ere ematen ari den despopulatzearekin; horri aurre egiteko neurriak bultza ditzatela eskatu zien Basterrak. Horrez gain, etorkizun hurbilera begirako egitasmoak ere azaldu zizkieten. 

Osasun zentroa

Beste askoren artean, herriko osasun etxearen proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkieten; horrekin lotuta, laster obrak esleitzeko lehiaketa deituko dutela jakinarazi zieten. Herriko kiroldegiaz edo behin-behineko garbiguneaz ere hitz egin zuten. Azken horren harira, gogorarazi zuten bi urtez zerbitzu hori izan barik egon ostean, berreskuratu egingo dela.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide